Durangok 'GOOGAZ: Gazteria eta errealitate birtuala berdintasunaren alde' jarduera jasoko du
Gaur eta bihar, irailak 15 eta 16, Landakogunean egingo da
Irailetik abendura bitartean, BBK Fundazioarekin elkarlanean, hainbat ekimen eraldatzaile garatuko dira: GOOGAZ, BBK ART(e)GILEAK, BBK FAMILIAK eta Artearen Ibilbidea. Jarduera horiek guztiak berdintasuna bultzatzera, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzera bideratuta daude.
Durangoko Udalak, BBK Fundazioarekin elkarlanean, martxan jarri du BBK Herriz Herri programaren edizio berria herrian. Hainbat jarduera biltzen dituen ekimen honek eragin sozial positiboa izango du, eta datozen hilabeteetan garatuko da Durangon.
Proiektu hau aukera berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzeko bi erakundeek duten konpromisoaren emaitza da, eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta 2030 Agendarekin bat egiten du.
Programa honek Durangoko hainbat kolektibori eskaintzen dio aukera sormena, hausnarketa, hezkuntza eta ongizate emozionala uztartzen dituzten jardueretan parte hartzeko. Hauek dira 2025eko edizio honetan herrian garatuko diren ekimenak:
- GOOGAZ: Gazteria eta errealitate birtuala berdintasunaren alde: DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako ekimen honek errealitate birtuala erabiltzen du GJHei lotutako balioak lantzeko. Aurten, genero berdintasuna izango da ardatza, eta gazteen artean kontzientzia piztea du helburu, esperientzia murgiltzaile baten bidez. Jarduera irailaren 15ean eta 16an izango da Landakogunean, eta herritarrentzat ere zabalik egongo da arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko, gomendagarria da aurrez izena ematea webgune honetan.
- BBK ART(e)GILEAK: Artea eta osasun mentala: Artea, sormena eta osasun mentala uztartzen dituen proiektua da, eta Osakidetzaren Durangoko osasun mentaleko zentroko pazienteei zuzenduta dago. Ekimen hau Karlos Martínez Bordoy artistak gidatuko du, eta parte-hartzaileei adierazpen artistikorako eta ongizate emozionalerako espazio bat eskaini nahi die. Urriaren 2an hasiko dira saioak, eta ostegunero egingo dira, 10:30etik 14:00etara. Prozesuaren amaieran, lanak BBK KUNAn erakutsiko dira, eta 2026an Durangoko Museoan jarriko da ikusgai egindako ekoizpena.
- BBK Familiak: Ongizate emozionala familia-eremuan: Familien osasun emozionala jomugan duen tailer praktikoa, euskaraz eskainia, elkarrizketarako, laguntzarako eta eguneroko bizitzarako tresna erabilgarriak eskaintzeko helburuarekin. Jarduerak urriaren 21ean eta 23an izango dira, Elkartegian.
- Artearen Ibilbidea: Artea espazio publikoan: Bilboko Arte Ederren Museoarekin elkarlanean, BBK-k kalitate handiko artelanen erreprodukzioak jarriko ditu ikusgai Bizkaiko hainbat tokitan. Edizio honek “Haurtzaroa artean” izango du ardatz, eta erakusketa abenduan izango da ikusgai Landako Gunearen kanpoaldean.
Durangoko Udalak herritarak ekimen hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu, ikuspegi ezberdinetatik gizarte bidezkoagoa, sortzaileagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen baitute.
Temas
Más en Bizkaia
-
Basauri será este fin de semana el mayor escaparate de las danzas autóctonas
-
Mundaka homenajea a vecinos fusilados en la Guerra Civil
-
Gernika-Lumo fija cita mensual para renovar el DNI y el pasaporte sin desplazarse a partir de octubre
-
Abierto el plazo de inscripción para el taller de teatro en Bermeo