Astelehen honetan goizean, irailaren 8an, Pablo Ochoa de Olza artistak 'Hormaren kontra (Contra la pared)' izeneko bere erakusketa berria aurkeztu egin du, Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrarekin batera. Erakusketak Iruñean jaiotako artista eta grafitigile erretiratuaren berrogei pintura baino gehiago biltzen ditu, eta Ondare aretoan ikusi ahal izango da azaroaren 15era arte.

Nafarroako artistak kaleko arteari buruzko hausnarketa egin du. Haren lanetan, grafitiaren fenomenoaren ikuspegi pertsonala eman beharrean, gizartearen jarreraren aurreko harridura adierazten du, gizarteak arte hori zikinkeriarekin identifikatzen du eta.

1965ean, Filadelfiako kaleetan, grafitia sortu zen, Darryl McCrayk, hamabost urte zituela, Cynthia neska gazteari bere maitasuna adieraztea erabaki zuenean; izan ere, une hartan, modu konpultsibo batean, neskaren auzoko hormak pintatu zituen, bere benetako izena (Darryl) Cornbread ezizenaren atzean ezkutatuta.

Horma-pintura ez zen une hartan jaio, gizakiak betidanik margotu izan duelako hormetan, eta bihotzak grabatu zuhaitzetan, baina orduantxe jaio zen egungo grafitia. Pinturak, sentimendu biziek eta marjinaltasunak eratutako mix batetik sortu zen fenomeno hori.

Gizarteak, zinemak, telebistak, modak, bideojokoek, literaturak eta abarrek, onerako edo txarrerako, fenomeno artistiko horri arreta eskaintzen badiote ere, artearen munduan, museo handiek, galeriek, erakundeek eta guruek jarraitzen dute grafitiari ez-ikusiarena egiten, 1860ko inpresionismoari Rebellion against the Salon lanean ez-ikusiarena egin zion antzera.

Ondare aretoko erakusketan, Pablo Ochoa de Olzak mundu zabaleko kaleetako eszenak edo paisaiak aurkeztu ditu, batez ere euskarri gardenetan pintatutakoa, nahiz eta paperean, oholetan, mihiseetan eta oihal handietan egindako pinturak ere egon. Gainera, margolan batzuk ez daukate euskarririk, eta horrela daude erakusketan, hau da, pintura bakarrik, kaleko grafiti-lanen irudira.

Margolan horiek sortzeko teknikari dagokionez, euskarri itsasgaitzetan pintatu du pintura akrilikoarekin, eta euskarrietatik banatu du pintura lehortutakoan. Horrela, margotutako irudiaren pinturazko "xafla" edo "azal" moduko bat lortu du, baina euskarririk gabe: pinturari eusteko mihiserik gabe, oholik gabe, ezer gabe. Ahula da, eta, tentuz maneiatuz gero efimeroa, hauskorra, ulergaitza eta bitxia, grafitian adierazitakoa bezainbestekoa.

Halaber, erakusketan, Cova Orgaz eskulturaren eta Iñaki Pardos margolariaren lankidetza dago, aretoan dauden eskultura eta pintura batzuk egin dituzte eta.

Artistak berak hau dio: "Ez dut grafitiaren pertzepzioa aldatu nahi, edo ez dut lortu nahi atsegin handiagoz ikustea; aitzitik, nahi dudan bakarra da margolan horiek gure inkoherentzien ispilu izatea, eta, agian, horregatik, hain zuzen, kristala erabili dut euskarri gisa. Nire lanek gutaz hitz egiten dute modu kolektibo batean, adierazpen artistiko jakin bat bilatzen duen gizarte batez. Erabiltzen ditudan teknikak askotan nik neuk garatutakoak dira; hala ere, nire metodoak lehenengo mailako artistarenak dira: grafitia barrualdera ekarri dut, eta apaindu gabe erakutsi dut, horrela edozein ikusle bere potentzial estetikoaz ohartzea lortu nahi dudalako, gustu pertsonala edozein dela ere. Nire margolanetan, grafiti-lanak zakarrontzi eta zabor-poltsen ondoan agerraraztea ez zaigu deigarri egiten, gure buruan elementu bi horiek lotuta dauzkagulako, horregatik erabiltzen dugu 'grafitia garbitu' esamoldea, naturaltasun osoz, eta berdin onartzen dugu kaleetako hamaika artelan ezabatzea".