Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkarteak indarrak batu ditu Bermeoko Udalarekin aspaldiko San Roke jaiak berreskuratzeko. Horretarako mimoz, lan handiz eta auzoa biziberritzeko helburu argiarekin antolatutako egitaraua prestatu egin dute.
Abuztuaren 16an, tradizioz, San Roke Eguna ospatu izan da Bermeon, eta betidanik izan da arrantzaleen jai egun garrantzitsuenetako bat; gainera, hegaluzea sasoian egonda, funtsezkoa izan da ospakizun honetan. Tala izan da historikoki elkartzeko gune naturala. Azken urteetan ospakizun hauek indarra galtzen joan ostean, iaz San Roke eguna indarberritzeko lanak hasi ziren, eta aurten, indar handiagoarekin datoz San Roke jaiak.
Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkartekoek San Roke Bezpera (abuztuaren 15a) ere berreskuratu gura izan dute, 60ko hamarkadaren amaieran egiten zen moduan, eta horretarako, bi eguneko egitarau zabala prestatu dute, auzotarren lanarekin eta ilusioarekin.
San Roke jaiak auzotarren arteko lankidetzaren fruitu dira. 30 lagun inguru ari dira antolaketa lanetan parte hartzen, taldeka banatuta. Tala apaintzeko lanak ere martxan dira: telak hartu, ebaki, josi eta eskuz egindako banderillak prestatu dituzte, jai giro bete-betean murgiltzeko. Antolakuntza lana mimoz eta komunitate sentimenduz egin dutela adierazi dute, garai bateko San Roke jaiak gogoan.
San Roke bezperan, elkarteak aurrerantzean erabiliko duen lokalaren ateak zabalduko dituzte, eta lokal hori egun horretarako prest egoteko lanean ari dira buru-belarri. San Roke jaietan Talan egongo den txosnetako bat bertan kokatuko dute, eta jan-edanak egongo dira. Barikuan, ogitartekoak egingo dituzte, eta zapatuan tortillak, krepeak, eta zelan ez San Roke egunean falta ezin den marmitakoa ere, salgai izango dute.
San Roke jaietako egitaraua
Abuztuak 15, barikua – San Roke bezpera
- 18:00. Txupinazoa eta txosna ireki
- 18:30. Txokolatada (bakoitzak bere edalontzia ekarri)
- 19:30. Karaokea
Abuztuak 16, zapatua – San Roke eguna
- 11:00. Txosna ireki
- 12:00. Kankinkabara txistu taldearen kalejira
- 12:30. Umeentzako tailerrak
- 13:00. Bingo (Talako lokalaren aurrean)
- 14:00. Arrekatxutxa Trikitixa taldearen kalejira
- 14:30-16:00. Mariatxia
- 16:00. Umeentzako jolasak
- 16:00. Briska txapelketa. Izena aurretik eman beharko da: 11:00etatik 14:00ak arte, 8 bikote gehienez
- 18:00. Galea taldearekin dantzaldia
- 19:00. Otzararen zozketa
Antzinako eskolak
Barikuan zabalduko duten lokalaren garrantzia, auzotarrek argi daukate: “Elkartruke eta elkarlanerako leku bat izatea gura dugu: bazkariak partekatzeko gunea, euskara eskolak egiteko tokia, umeak zaintzeko espazioa eta baita herrira jaisteko zailtasunak dituztenentzako topagunea”.
Lokala antzinako eskola izan zen, baina urte luzez zarratuta eta erabilerarik barik egon da. Orain, auzoa biziberritzeko motor bihurtu gura dute. Bermeoko Udalaren helburuetako bat da erabili barik dauden lokalei erabilera ematea eta Talakoa da beste adibideetako bat: “Auzotarren proposamenak oso positiboki ikusten ditugu; gure asmoa da lokal hori biziberritzea, auzoari eta auzotarrei bizi handiagoa eman asmoz”.
San Roke jaiak amaitzerakoan, lokala berriro zarratuko da hainbat egokitzapen lan egiteko. Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkarteko kideak pozik daude, proiektuak auzoa saretzeko eta bizitasuna emateko bidea zabaltzen duelako.
Herritarrei gonbidapena eta marmitakoa egiteko deia
Aitzakiarik ez dago barikuan eta zapatuan Talara hurbiltzeko. Hala, Bermeoko Udalak herritar guztiak deitzen ditu jai hauetan parte hartzera. Aurten, gainera, San Roke eguna zapatuz dator, eta egun aproposa da Talara bertaratu eta marmitakoa prestatzeko. Hartara, kuadrillak animatzen ditugu suak hartu eta marmitako gozoak prestatzera.
San Roke jaiak auzotarren indar eta elkarlanaren adibide dira, eta belaunaldien arteko zubi bihurtu gura dute. Jai hauek ez dira soilik ospakizun bat: auzoa biziberritzeko, harremanak sendotzeko eta komunitate sentimendua elikatzeko tresna ere badira.