Joan den astelehenean, KZN ezizenez ezagututako Mikel Aldekogarai artistaren grafitiak kolorea eta bizitza jarri zizkion 'Ume bat arbola bat' proiektuari Traman, udalerriak ingurumenarekin daukan konpromisoa indartuz.

Bada, asteazken honetatik aurrera, abuztuak 13, Gernika-Lumoko Allende Salazar eskola publikoko hormigoizko horma gris eta luzeak muga hutsa izateari utziko dio eta oroimenezko mihise bihurtuko da. 57 metroko luzeran, ikebana oinarri duten hamabi horma-irudi margotu dira. Japoniar lore-artea da, eta duela mende batzuetatik hona naturaren eta espirituaren arteko elkarrizketa iraunkorra proposatzen du.

Arteskolako hogeita hamar bat ikaslek egin dute esku-hartze artistikoa; eta horma-irudi bakoitzak – sei metro karratuko kolorea eta konposizio delikatua dutenak – jatorrian tenplu budistak apaintzen zituzten eta introspekzio-ariketa gisa balio zuten lore-motiboak dakarzkigu gogora. Gainera, panel elebidun batek, euskaraz eta gaztelaniaz, obraren zentzua azaltzen die bisitariei eta oinezkoei.

Gaur goizean azaldu duten bezala, hormairudi hau ez da apaindurazko dekorazioa. Hiroshima eta Nagasakirako zubi sinbolikoa da murala. Gernikarekin senidetutako hiriak dira, aire bidezko suntsiketaren eta berreraikuntza moralaren biografiak bat eginda. "Bizitako sufrimendua gorabehera, bakearen etorkizuna bilatzen duten hirien arteko harremanak estutu nahi ditugu. Estetika, pedagogia eta memoria uztartzen dituen horma-irudi hau ere giza mezua da", azpimarratu du Jose Maria Gorroño alkateak.