Bizkaiko hainbat udalerritan egon ostean, Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria Busturian ikusi ahal izango da abuztuaren 26tik irailaren 1era bitartean. Egoitza Axpe auzoa izango da.

Ekimen hori BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren barruan dago, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko. 

Erakusketa ibiltari hau BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko elkarlanaren emaitza da. Artea eta kultura Bizkaira eta bizkaitarrengana hurbiltzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioen bidez. Busturia bertoko udalarekin batera egindako lankidetzari esker iritsi da.

'Historia Hilezkorrak' lelopean, erakusketa Busturiko Axpe auzoan ikusi ahal izango da, eta gai horrekin zerikusia duten zenbait artelan esanguratsuren erreprodukzioak izango ditu, jatorrizko obrak Bilboko Arte Ederren Museoan daudelarik. Dagozkien azalpen-audioak (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) telefono mugikorretan doan deskargatu ahal izango dira QR kode baten bidez. Busturiatik igaro ostean, Artearen Ibilbidea Truziosera iritsiko da irailaren 1etik 7ra. 

Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkaian

Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ondoren, BBK-k berriro jarri du abian Herriz Herri proiektua. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Dagoeneko Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute ekimenarekin. 

Proiektu honekin, BBK-k bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du, eta katalogo berritua aurkezten du; hor, Artearen Ibilbideaz gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko gazteei zuzendutako proposamenak; emakumeari, inklusio edo gizarteratzeari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzeko haurrentzako tailer ludikoak.