Koronabirusaren pandemiaren ondoren, terrazek garrantzi handia hartu dute gizartean, batez ere turismo-tasa altua duten udalerrietan. Horregatik, Sopelako Udalak gaur egun indarrean dagoen terrazen ordenantza eguneratzea erabaki du, herritarren eta ostalarien ohitura eta behar berrietara egokituz.

Herri bizia, dinamikoa eta bizi-kalitate handiagokoa

Eguneratutako ordenantzak oinarrizko hainbat alderdi uztartu nahi ditu: irisgarritasuna, instalazioen eta egituren segurtasuna, eta tabernek zein kafetegiek aire zabalean kontzertuak antolatzeko baldintzak. Mikel Tapia Hirigintzako zinegotziaren hitzetan, “Sopela bizia, dinamikoa eta bizi-kalitate handiagokoa nahi dugu. Horretarako, tokiko ostalaritza indartu behar dugu, baina, era berean, herritarren atsedena, elkarbizitza eta ongizatea ere errespetatu behar dira”.

Neurri nagusien artean, debekatu egiten da baimenduta ez dauden elementuak jartzea, irisgarritasuna eta herritarren segurtasuna bermatzeko eta espazio publikoa era desegokian okupatzea saihesteko. Alde horretatik, uneoro, oinezkoentzako bide irisgarria eta oztoporik gabekoa bermatu beharko da fatxadaren ondoan. Babes-egiturak eta antzeko elementuak ainguratzeko segurtasun-neurri espezifikoak ere jasotzen dira.

Era berean, ordenantza honek, lokalen kanpoaldean kontzertuak egiteko baldintzak arautzen ditu. Barnealdean, dagokien lizentzia duten establezimenduetan bakarrik egin ahal izango dira kontzertuak. Legegintzaldi hasieran, Alkatetzaren agindu baten bidez arautu zen kontzertuak antolatzeko aukera. Horren bitartez, ostalaritza-establezimenduek urtean 12 kontzertu egin ditzakete (gehienez, bi kontzertu hilabeteko), gehienez 3 ordukoak —soinu-probetarako orduerdia barne— ordutegi honetan: 11:30etik 15:00etara eta 17:30etik 22:00etara.

Terrazen lizentziei dagokienez, araudiak ezartzen du jardueraren titularraren izenean emango dela lizentzia. Gainera, establezimenduaren titulartasuna aldatzen den kasuetan, lizentzia automatikoki pasako zaio titular berriari. Halaber, aldez aurreko baimenik gabe terraza jartzea establezimenduaren jabearen ardura zuzena izango da. Horrez gain, debekatuta dago espazio publikoan altzariak biltzea; ondorioz, lanaldia amaitzean, mahaiak, aulkiak eta gainerako elementuak kaleetatik kendu beharko dira.

Herritarren parte-hartzea eta berme guztiak dituen prozesua

Zehazki, 2024ko azaroan hasi ziren ordenantza berria lantzen, herritarren, eragile sozialen eta ostalaritza-establezimenduen iritzia jasotzeko kontsulta publiko bat eginez.

Ondoren, informazio- eta parte hartze-fase bat ireki zen. Lehen zirriborro bat egin zen indarrean dagoen ordenantza eta jasotako ekarpenak oinarri hartuta. Otsailan, herritarrentzako bi tailer ireki egin ziren, eta bertan bildutako ideiak eta ekarpenak parte-hartze txosten batean jaso ziren. Hortik abiatuta osatu zuten ordenantzaren zirriborroa: apirilaren hasieran argitaratu zuten Udaleko webgunean.

2025eko apirilaren 29ko Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman ondoren, maiatzaren 14an argitaratu zen ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, araudiak jasotzen duen bezala. Herritarrek 30 eguneko epea izan dute alegazioak aurkezteko, eta, guztira, zortzi alegazio, iradokizun edo ohar jaso dira. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, ordenantzaren testua behin betiko onartu da uztailaren 29ko Osoko Bilkuran, eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren sartuko da indarrean.