Durangok 5,5 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu argiteria publikoa berritzeko
Argiteria zaharkitua kontratuaren lehen urtean zehar aldatuko da, 2025 eta 2026 artean
Durangoko Udalak 5.697.120,34 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, udalerriko kanpoko argiteria publikoaren berritze integralerako. Aste honetan, osoko bilkurak zerbitzu energetikoen eta mantentze-lanetan kontratua Emartin Facilities S.A. enpresari esleitzea onartu du.
Esleipenak Durangoko argiteria publikoa berritzeko plan estrategikoaren esparruan hasitako lizitazio-prozesuari amaiera ematen dio. Guztira lau enpresa aurkeztu dira, eta hobekuntza horrek herritarren eskaerei erantzuten die.
Proiektua jasangarria eta eraginkorra da, aurreikusitako inbertsioak egin ondoren egungo energia-kontsumoari dagokionez %75 aurreztea ekarriko duena.
Eredu eraginkorrago, seguruago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago baterantz aurrera egiteko, proiektuak kanpoko argiztapena erabat berritzea aurreikusten du, LED argiak instalatuz, koadro elektrikoak hobetuz eta energia efizientziarako sistemak ezarriz.
Kontratatutako zerbitzuak kanpoko argiteria publikoko koadro guztiak egokitzea aurreikusten du, eta lehen urtean sodio lurrunezko edota metalezko halogenurozko teknologiekin zaharkitutako argi-puntuak belaunaldi berriko, energia kontsumo txikiko LED argiekin ordezkatuko dira. Guztira, 3.062 argi-puntu berrituko dira udalerrian.
Kontratuak 10 urteko iraupena du, eta epe horretan kanpoko argiteria publikoaren instalazioaren mantentze integrala egingo da, berme osoarekin. Kontratuak, gainera, obrak egitea eta instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatzeko erabateko bermea eskaintzea barne hartzen ditu.
Kontratuaren jarduera nagusiak energia-hornidura eta -kudeaketa barne hartzen ditu, bai argiteria publikoa, bai Gabonetakoa; instalazio guztien mantentze prebentibo eta zuzentzailea, funtzionamendu egokia bermatuz; berrikuntza teknologiko osoa, LED argiak, kontrol-sistemak eta energia-efizientzia hobekuntzak instalatuz; egiturazko erreforma, 300 zutabe ordezkatzea eta beste 2.000 zutaberen oinarriak pintura antikorrosiboarekin babestea; eta kanpoko ikuskapen independentea, kontratuaren baldintza guztiak betetzen direla zaintzeko.
Mireia Elkoroiribe alkateak proiektuaren garrantzi estrategikoa eta herritarren eguneroko bizitzan duen eragina azpimarratu du: “Esleipen honekin, Durango modernizatzeko dugun konpromisoa berresten dugu, azpiegitura eraginkorragoen, jasangarriagoen eta herritarren benetako beharretara egokitutakoen alde eginez. Beharrezkoa eta aspaldiko nahia den ekintza da, espazio publikoaren kalitatea, segurtasuna eta durangarroen ongizatea hobetuko dituena. Etorkizunerako apustua."