Astearte honetan goizean, uztailaren 22an, Ogasun eta Finantzen foru-diputatu Itxaso Berrojalbizek apirilaren 10etik ekainaren 30era bitartean egin den Errenta 24 kanpainaren datuak azaldu ditu. Guztira 674.974 PFEZ aitorpen aurkeztu dira, eta haietatik % 74k itzultzeko emaitza izan dute (zergadunen alde); guztira 598,7 milioi euro itzuli dira. 176.543 aitorpenek, berriz, sartzeko emaitza izan dute (468,4 milioi euro). Horrenbestez, kanpainaren saldo globala 130,3 milioi eurokoa da zergadunen alde.

Horiek dira zifra nagusiak kanpaina honetan, zeinean berriz ere erregistro historikoetako markak hautsi diren, bai aurkeztutako aitorpen kopuruari dagokionez, 5.000 gehiago, bai itzulitako zenbatekoari dagokionez, 2023an baino 41 milioi euro gehiago. Datu horiek, Berrojalbizen esanetan, "2020an ezarri genuen errenta-eredu berria behin betiko finkatu dela egiaztatzen dute. Eredu horrek oso ondo funtzionatzen du, ia gorabeherarik gabe, eta Bizkaiko herritarrek bikain baloratzen jarraitzen dute, baina horrek ez du eragozten guk mailari eusteko lanean jarraitzea eta, ahal izanez gero, hobetzen saiatzea".

Hainbat dira, haren ustez, maximo historiko hori azaltzen duten arrazoiak: Ogasunak pertsona guztiei aitorpen-zirriborroa bidaltzea baldin eta pertsona horien datu ekonomikoak baditu, 2023an enplegu-mailari eustea edo Aldundiak inflazioaren ondorioak arintzeko hartutako neurriak (% 2,5eko deflaktazioa eta 200 euroko kenkaria urteko 35.000 eurotik beherako errentetan). Neurri horiek 119 milioi euroko likidezia-injekzioa batu dute zergadun guztientzat, eta, bereziki, zaurgarrienentzat. Bestalde, 1979. urtea baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu zuten pertsonek Gizarte Segurantzatik kobratzen duten erretiro- edo ezintasun-pentsioari aplikatutako murriztapenak ere sartu dira aitorpen-zirriborroetan, eta horrek beste 107 milioi euro itzultzea ekarri du.

675.000 aitorpen eta 130,3 milioi euroko emaitza negatiboa

Errenta 24 kanpainan, 674,974 PFEZ aitorpen aurkeztu dira; haietatik % 85,20 (575.103) banakako modalitateari dagozkio, eta % 14,80 (99.871) baterakoari. Gainera, aitorpenen % 64,40 (434.683) aldaketarik gabe aurkeztu dira, eta gainerako % 35,60an soilik sartu behar izan ditu zergadunak datu gehigarriak edo aldatu behar izan du Foru Ogasunak eskainitako zirriborroetako datuetakoren bat.

Itzulketak, batez beste, 2,7 laneguneko epean egin dira, aitorpena aurkeztu zenetik zenbatzen hasita, eta epe hori aldundi honek hartutako 7 eguneko konpromisoa baino askoz ere laburragoa da.

750,1 milioi euro, kenkari sozialetan deskontatuta

Bizkaiko zergadunek 750.107.602 milioi euroren kenkariak aplikatu dituzte euren PFEZ aitorpenetan. Pertsona gehienek aplikatu dituzten kenkariak ondorengoena eta ohiko etxebizitzan inbertitzearena izan dira; batez besteko kenkaririk handiena ekarri dutenak desgaitasun edo mendekotasunarenak eta alokairuarenak eta ohiko etxebizitzan inbertitzearenak izan dira.

Hamar pertsonatik zortzik aurkezpen digitala aukeratu dute

Ohikoa denez, zergadunek hiru modu izan dituzte aitorpena aurkezteko: digitala, telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa. Digitala da oraindik ere aukeratuena. Zehazki, hamar aurkezpenetik zortzitan (% 77,53) aukeratu da; telefonoz aurkezpenen % 16,63 jaso dira, eta bulegoetan, berriz, % 5,84 egin dira.

Hiru modu horien bidez aurkeztutako aitorpen horiez gain, itzultzeko emaitza izan duten beste 27.237 aitorpen izapidetu ditu Foru Ogasunak automatikoki; hortaz, zergadunek ez dute ezer egin behar izan.

9.288 pertsonari eman zaie arreta pertsonalizatua egunero, % 90i telefonoz

Guztira 501.555 kontsulta egin zaizkio Foru Ogasunaren arreta pertsonalizatuko zerbitzuari. Kontsulta egin duten pertsona horietatik, % 90,1ek telefonoa aukeratu dute, eta % 9,9k, berriz, aurrez aurreko arretarako dauden hamabi foru-bulegoetakoren batera jo dute.

443 pertsonak eman dute arreta pertsonalizatua: 134k foru-bulegoetako aurrez aurreko zerbitzuan, eta 309k telefono bidezko zerbitzuan.

Batez besteko gogobetetasuna, bigarren urtez jarraian, 10etik 9 punturaino iritsi da

Foru Ogasunak eskainitako zerbitzuez erabiltzaileek egindako balorazioak 10 puntutik 9 baino gehiagoko puntuazioari eutsi dio, eta horrek aurreko kanpainako kalitate-maila finkatu du. Kanal digitalek lortutako batez besteko nota 8,62 puntu da, aurreko kanpainan baino hamarren bat gehiago; aurrez aurreko zerbitzuan, berriz, ia 9,3 puntu da; zehazki, 9,27 puntu. Telefono bidezko arretaren balorazioa 9,2 puntu ingurukoa da. Guztira, 10.057 inkesta egin dira: 6.557 telematikoki, 1.500 telefonoz eta 2.000 aurrez aurre.

Ondarearen 8.772 aitorpen eta fortuna handien 49

Errentaren kanpainarekin batera, ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zerga aurkezteko kanpaina egin da. Lehenengoari dagokionez, zergadunen kopurua handitu egin da aurreko ekitaldien aldean, eta 8.772raino iritsi da; horrek 112,2 milioi euroko sarrera ekarri du guztira.

Fortuna handien gaineko zergari dagokionez, 49 zergadun izan dira, eta horrek 1,7 milioi euroko sarrera ekarri du; 2023an ia milioi bat eurokoa izan zen.