Síguenos en redes sociales:

Auzo-taxi zerbitzua berreskuratu du Bermeok

Zerbitzuaren berreskurapena udalaren eta auzoetako alkateen arteko elkarlanari esker gauzatu da

Aurrera doa Bermeoko Udala auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko erronkarekin. Oraingo honetan gobernuarentzat premiazkoa zen auzo-taxiaren zerbitzua berreskuratzea, eta aste honetan azaldu dute 2015ean hasi eta 2022an eten zen zerbitzua berriro jarriko dutela martxan.

Zerbitzuaren berreskurapena udalaren eta auzoetako alkateen arteko elkarlanari esker gauzatu da. Auzo-alkateen mahai exekutiboan adostu dira zerbitzuaren oinarriak, eta udal ordezkariek azpimarratu dute elkarlanak fruituak ematen dituela. Udala oso pozik dago lortutako adostasunarekin eta emaitzarekin. 

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi duenez, zerbitzu hau berriro martxan jartzea “albiste bikaina” da auzoetako bizilagunentzat: “Auzotarren eguneroko mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzen duela uste dugu. Udaletik konpromiso argia daukagu herri justu eta orekatuago baten alde, eta ahalegin hau horren adibide garbia da.” 

Funtzionamendu eredu berria 

Zerbitzua berriro martxan jartzeko, aldaketa batzuk egin behar izan dira. Aldaketa nagusietako bat da diru-laguntza erabiltzaileari emango zaiola eta ez taxistari. Horrez gain, zerbitzura bideratutako aurrekontua nabarmen handitu da: lehen 3.500 euro bideratzen baziren, orain 12.000 euro bideratuko dira urtero. 

Onartutako erabiltzaile bakoitzak, urtean, gehienez, 130 joan-etorri izango ditu diruz lagunduta, eta laguntzen portzentajeak honakoak izango dira: 

  • %70 joan-etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 0-50 artekoa denean.
  • %45 joan-etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 51-90 artekoa denean.
  • %25 joan-etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 91-130 artekoa denean. 

Zerbitzua Bermeon erroldatutako pertsonentzat bakarrik izango da, eta udalerriko baserrien eta herrigunearen arteko joan-etorrietarako erabili ahalko da. 

Zerbitzua eskatzeko prozedura 

Interesatuek IN-150 eskaera orria bete beharko dute, Berhaz bulegoan edo egoitza elektronikoan. Erabiltzaile gisa izena emateak urtebeteko balioa izango du, eta urtero berritu beharko da eskaera orria berriro aurkeztuta. 

Zerbitzua erabiltzerakoan, onartutako erabiltzaileek Nortasun Agiria (NA) erakutsi beharko diote taxi arduradunari, argazkia eta identitatea bat datozela bermatzeko. Erabiltzaileak bidaia osoa ordaindu beharko dio taxistari, eta taximetroko tiketa eskatu. Ondoren, bi hilean behin, tiket guztiak aurkeztu beharko ditu udalean (Berhaz bulegoan edo eskaneatuta egoitza elektronikotik), dagokion diru-laguntza kobratu ahal izateko.