Ostiral honetatik igandera bitartean ospatuko den Musikaire jaialdiak protagonista bereziak izango ditu edizio honetan. Audience eta Anari taldeei Gazatik Euskal Herrira etorritako Sol Band taldeak jarriko dio doinua eta ahotsa Palestinako erresistentziari.

​​​Sol Band 2012an sortu zuen Gazako folk musika maite zuen palestinar gazte talde batek. Tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, baita musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere. Taldearen errepertorioak Palestinako erresistentziari eta bizimoduari buruzko kantuak biltzen ditu, baita artista historiko arabiarren musika ere.

​​​Maiatzean iritsi ziren Sol Band taldeko kideak Euskal Herrira, eta hainbat kontzertu jo dituzte ordutik, tartean Gure Eskuk ekainean Bilbon egindako ekitaldian. Domekan, hilak 13, 19:00etan, Lariz jauregiko lorategian ikusteko aukera egongo da, Musikaire jaialdiaren seigarren kontzertuan. Elorrioko Udalak aipamen berezia egin gura dio emanaldi honi, Palestinako herria jasaten ari den sarraskia kontuan hartuta.

​​​Audience eta Anariren erritmora​​

​​​Aurreko bi egunei, ostera, Audience gernikarrek eta Anari azkoitiarrak jarriko diete gatza eta piperra.

​​​Ostiralean, 20:00etan, Larizen ‘Bob Dylan berrikusia’ diskoa taularatuko du Audience-k. XX. mendeko musika popularraren ikonoaren 9 abestiren moldaketak jotzeaz gain, taldeak bere ibilbide osoaren errepaso bat egingo du, hasieratik gaur egunerarte.

​​​Eta larunbatean, euskal musikaren eszenan abeslari garrantzitsua bilakatu den Anariren txanda izango da, toki eta ordu berean. Maitasuna, bakardadea, tristura, edertasuna edota identitateari buruzko kantu sakonak plazaratuko ditu, rocka eta folka uztartuta.