Aixerrotako Paellen lehiaketarako segurtasun-dispositiboa aurkeztu du Getxok
Ekitaldia uztailaren 25ean ospatuko da, ostiralean
Urtero bezala, milaka eta milaka pertsona bilduko dira Aixerrotan datorren uztailaren 25ean dagoeneko tradizio bat baino gehiago den Paellen Lehiaketa dela eta. Horregatik, Getxoko Udalak segurtasun-dispositibo berezi bat prestatu du, iazkoaren oso antzekoa, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta garbitasuna sustatzeko.
Itxas Argia elkarteak lehiaketa antolatzen duen esparrutik kanpo dagoen espazioan 2024an hartutako neurriak eraginkorrak izan ziren eta ez zen gorabehera aipagarririk izan. Getxoko Paelletarako eta jai ugaritarako (Algorta, Romo, Portu Zaharra eta Areeta) segurtasun-xedapenak ezagutaraziko dira laster.
Zirkulazioa
Udaltzaingoak esparrura sartzeko baimena emango du 08:00etatik 10:30era, zamalanetarako (ibilgailuak ezin izango dira barruan egon). Aparkatzeko hainbat gune ere egokituko dira, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat. Arreta berezia jarriko da trafikoaren behin-behineko desbideratzeetan; izan ere, ibilgailuen presentzia handia dela eta, noranzko bakarreko ibilbide bat ezarriko da, trafikoaren arintasuna errazteko, eta pilaketak eta auto-ilarak saihesteko.
Ingurunea eta azpiegiturak
Udaleko arloek, duela urte batzuez geroztik egiten ari diren bezala, areagotu egin dituzte Paellen Nazioarteko Lehiaketaren eragina murrizteko neurriak. Ingurumena zaintzeari, hondakinak biltzeari, segurtasunari, ebakuazio-bideei eta osasun zerbitzuei lotutako eta suteen kontrako neurriak dira baita Udaleko arlo desberdin eta gazteen koadrilen artean ezartzen joan diren hobekuntzak ere.
Ingurumen Sailak gogoratzen du erabat debekatuta dagoela Pinudi ingurura sartzea. Hurrengo lanak egingo dituzte:
- Pinudiaren eta txilardien gunerako sarbideak hesolen eta zinten bidez burututako balizatzea, eta, horrez gain, eremu naturalekiko errespetua sustatzeko eta zuhaitzak iltzeen, soken, inausketen eta abarren bidez ez kaltetzea eskatzeko kartelak jartzea.
- Sega-lanak gune ofizialaren ondoko eremuan, larrialdi-zerbitzuak eta garbiketa-kamioiak sartu ahal izateko bideak irekitze aldera, ekitaldiaren ondoren arreta eman ahal izateko.
- Argi-puntuak kokatzea eremuan.
- Perimetro berean, ur-puntuak eta mahukak, hiru kokapenetan.
- Itxas Argiak proposatutakoaren gainetik, edukiontzien kopurua handitzea. Gainera, edukiontziak jarriko dira ekitaldian erabilitako perimetro osoan.
- Ekitaldiaren egunean sortutako hondakinen gaikako bilketa egingo da, eta parte-hartzaileek ingurune osoan jarriko diren puntu garbiak erabili ahal izango dituzte.
- Sortutako beira biltzeko poltsak banatuko dira (ohiko laguntzailea den Ecovidrioren eskutik), eta koloretako poltsak eta poltsa organikoak ere, jatorrian bereizteko eta dauden gune garbietan utzi ahal izateko.
- Ekitaldia amaituta eta ondorengo egunetan, ontzien, beiraren, paperaren, organikoaren eta gainerakoen zatikiaren bilketa selektiboa egingo da, antzemandako tresnekin batera, eta bilketa bukatzeko, egurra kenduko da, pilatuz joango dena, eta azkenik, hondakin txikienak.
Bitartekotza koadrilekin
Aurreko urteotan bezala, arkitekto batek eta gizarte-hezitzaile batek osatutako lantalde bat kontratatu da, esparru ofizialaren pareko jaian parte hartzen duten koadrilekin bitartekaritza-lana egin dezaten. Lantalde horrek kontuan hartu beharreko hainbat neurriri buruzko informazioa eta aholkuak ematen ditu, hala nola:
- Segurtasunaren garrantziaren kontzientziazioa, bide nagusiak eta ebakuazio-bideak errespetatuz, eta pasatzea eragozten duten eraikuntzak egin gabe.
- Ingurumenarekiko errespetuaren sentsibilizazioa: hondakin gehiegi ez sortzea, esparruan dauden edukiontziak behar bezala erabiltzea, gaikako bilketa sustatuz, bertako fauna eta flora errespetatzea, etab.
- Zementua ez erabiltzea etxolak eraikitzeko, eta solairu bakarrekoak izan beharko dira.
- Bitartekotza muntatutako egiturak seguruak izan daitezen eta koadrilentzat eta bisitarientzat arriskutsuak izan ez daitezen.
- Ekitaldiaren egunean bertan izango diren zerbitzuei buruzko informazioa: indarkeria matxistaren kasuak artatzeko Puntu morea, gaueko bus-zerbitzua, anbulantzia-postua eta Udaltzaingoaren postu finkoa.
Neurri horien berri emateko, aurreko astelehenean, uztailak 7, kuadrillekin lehen bilera egin zen eta uztailaren 11tik aurrera, taldea Aixerrotako zelaietan egongo da gomendioak betetzen direla bermatzeko. Bisitak ekitaldiaren aurreko egunera arte luzatuko dira. Gizarte-hezitzailea maiz etortzen diren kuadrilla askorekin harremanetan jarri da, eta berriak informatzera gonbidatu ditu.
Udalak animatzen du aurreko edizioetan kuadrilla batzuk hasitako jokabidea egiten jarraitzera, hau da, batu zirela gune ofizialaren ondoko eremuaren garbiketan, eta horien artean mobilizatu zirela lehiaketaren hurrengo egunean bertan sortutako hondakinak kentzen eta txosnak garbitzen laguntzeko. Era berean, eskerrak eman dizkio Itxas Argia Elkarteari, lehiaketaren antolatzaileari, festa hau behar bezala garatzeko emandako laguntzagatik.