Aste honetatik aurrera, Durangoko Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira udalerrian dauden desfibriladoreen kokapenak. Udalak herritar guztiei eskainiko die aukera hau larrialdi sanitarioen aurrean duen prebentzio- eta arreta azkarreko konpromisoari erantzunez, bereziki bihotz-biriketako geldialdien kasuetan. Mapa interaktiboa esteka honetan kontsulta daiteke: desfibriladoreen mapa.

Eskuragarri dauden 22 desfibriladoreetatik 4 kalean daude, puntu estrategiko hauetan:

  • Ezkurdi plaza, arkupearen ondoan.
  • Madalena, Elorrio/Ondarroarako noranzkoan dagoen autobus-geltokian.
  • Otamotzena parkea, Pagasarri kalearen inguruan.
  • San Fausto auzoan, San Fausto frontoiaren ondoan.

Gailu hauek teknologia aurreratua dute: DOC desfibriladoreak dituzten totemak, larrialdi-zerbitzuekin zuzeneko konexioa, denbora errealean geolokalizazioa, 24/7 telekontrol-sistema eta suspertze-maniobrak errazteko RCP Safe kit-a. Toki horiek guztiak argi eta garbi seinaleztatuta daude, eta larrialdi-egoera batean jardun behar duen edonori laguntzeko erabilera-jarraibideak dituzte.

Gainerako 18 desfibriladoreak hainbat udal ekipamendutan banatuta daude, besteak beste, Liburutegian, Arte eta Historia Museoan, Durango Kirolaken kiroldegian eta Udaltzaingoaren bulegoetan.

Ekintza hau 2023-2027 Gobernu Planaren baitan kokatzen da, zeinak Durango udalerri kardiobabestu bihurtzea aurreikusten baitu. Neurria 2024ko udal aurrekontuen esparruan ere adostu zen, Udal Gobernuaren (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta EH Bilduren babesarekin.

Tresna digital berri honekin, Durangok beste urrats bat ematen du hiri seguruago eta prestatua lortzeko, herritar guztiei funtsezko baliabideetara sarbidea erraztuz eta larrialdien aurrean prebentzioaren eta erantzun azkarraren kultura sustatuz.