Síguenos en redes sociales:

San Juan gaua ospatzeko egitaraua aurkeztu du Amorebieta-Etxanok

Hainbat ekitaldiz osatutako programazioa prestatu dute

San Juan gaua ospatzeko egitaraua aurkeztu du Amorebieta-EtxanokOihane Buruaga

Urtero bezala, Amorebieta-Etxano prest dago urteko gau berezienetako bat ospatzeko. Datorren astelehenean, ekainaren 23an, San Juan gaueko su tradizionalak piztuko ditu Udalak, eta horretarako ekintza egitarau zabala prestatu du.

Jardunaldia 19:00etan hasiko da Udal Liburutegian Zelaieta Blues ekintzarekin. Berbalapiko ekimenaren baitan antolatutako ekintza da hau eta horren bitartez, Zeiñok Blues Band taldeak kontzertua eskainiko du. Zeiñok Blues Band taldea Alain Nieto, Adrian Pereira, Jon Ander Barahona eta Unai Llona artistek osatzen dute. 

21:00etatik aurrera, musika giroa herriko kaleetara zabalduko da, Udazken txistu taldeko gaiteroen kalejirarekin. Eta egitarauari amaiera emateko, ohiko San Juan sua egingo da, 22:30ean Nafarroa aparkalekuan.

San Juan surako gomendioak

Egitarauaz haratago, Bizkaiko Foru Aldundiko Su-Prebentzio, Suhiltze eta Salbamendu Zerbitzuak segurtasun-gomendio batzuk eman ditu, bereziki auzoetan egiten diren su alternatiboei begira, San Joan jaiak modu seguruan egingo direla bermatzeko. Gomendio aipagarrienen artean, honako hauek daude:

  • Sua eraikin, ibilgailu eta landaretza handietatik urrun piztu behar da.
  • Su-txondorra elektrizitate-lineetatik eta telefono-lineetatik urrun egon behar da.
  • Bide bat zabalik utzi behar da larrialdi-zerbitzuak bertaratzeko.
  • Kontuan eduki behar dira haizeak nondik eta nolako indarrarekin jotzen duen.
  • Suak ezin du iraun piztuta 4 ordu baino luzeago, ez eta goizaldeko 02:00ak ezkero ere.
  • Sua pizteko honako hauek bakarrik erabili: papera, lasto lehorra eta ezpalak edo barbakoa-
  • pastillak.
  • Ez erabili likido suharberarik: alkohola, kerosenoa, gasolioa, disolbatzaileak 
  • Ez ipini txondorrean, ez inguruan, objektu piroteknikorik (suziriak, petardoak…), eta ez bota sutara.
  • Ez bota sutara esprairik, potorik ez zaborrik.
  • • Ez erre pneumatikorik, goma-apardun altzaririk, koltxoirik ez kuxinik. Horiek guztiek ke toxikoak sortzen dituzte.
  • Su ondoan beti egon behar da heldu bat.

Norbait errez gero

  • Busti ur hotzez erretako azal-eremua luzaroan (15 minutu).
  • Hasieran, ez eman pomadarik ez desinfektatzailerik.
  • Suak arropa hartzen badu, lurrera bota eta egin pirritan alde batera eta bestera, aurpegia eskuekin babestuta. Estali manta batekin edo beroki batekin eta astindu indar handirik gabe garrak itzali arte.
  • Erredura sakona edo zabala bada, deitu SOS Deiak zerbitzura (112) eta eraman osasun-zentro batera. 
  • Ehunik badago azalean erantsita, ez saiatu bereizten.