Dena prest dago Getxon datorren astelehenean, ekainaren 23an, urteko ekitaldirik berezienetako bat den San Juan gaua ospatzeko. Horretarako, Getxoko Udalak indarrak batu ditu udalerriko hainbat elkarterekin Algortako San Nikolas plazan udako solstizio jaia ospatzeko.
Abian, ALBE, Eskubeltz, Egizu, Getxoko Etorkinak Federazioa, Haria eten barik, Itxartu, Mujeres con Voz eta San Nikolas Zabalik elkarteek antolatuta, Udalaren eta Azebarri Kultur Elkartearen laguntzarekin antolatu du programazioa, zehazki.
Egitaraua 18:00etan hasiko da umeentzako aurpegia margozteko tailerrarekin eta ondoren disko festa, Boliviako eta Filipinetako dantzak eta txokolate jana izango dira. 20:30ean bertsolarien saioa izango da eta amaitutakoan, 21:00ak aldera, konjurua, Urdiaingo San Juan Kantaita eta dantzak suaren inguruan helduko dira.
San Juan gauaren beste ohiko ospakizun batzuk izango dira, Itxas Argiarena Malakaten eta Zubilleta jaien egitarauaren barrukoa.
Segurtasuna eta prebentzioa
Bestalde, ohi bezala, Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak zelatatuko eta zigortuko ditu astelehen arratsaldean eta gauean. Aldi berean, suteen erretze kontrolatua zainduko du, istripuak ekiditeko. Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, prebentzio zerbitzua ere jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden tokietan eta presentzia handituko du ospakizun tokietan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazorik ekiditeko.
Adingabeei alkohola konfiskatzea eta debekatutako lekuetan kontsumitzea galaraztea indartuko da. Beste behin ere gogoratzen da egokia dela hondartzara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurriak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukitzeko. Era berean, Udaleko Babes Zibilak Artatzako Suhiltzaileen Baseari jakinarazi dio Getxon suarekin baimendutako ekitaldiak egingo direla. Azkenik, Udalak berriro eskatu du jaia, beste guztiak bezala, indarkeria matxistarik gabe bizitzea.