Datorren astelehenetik ostegunera bitartean, hau da, ekainaren 23tik 26ra, teknologia digitalen arloan nazioarteko ospea duten zenbait biltzarren agertoki bihurtuko da Bizkaia.
Bertan, Aldundiak hiru ekitaldi garrantzitsu sustatuko ditu: Hyperautomation & IA (HIA Summit) biltzarra, Data Management Summit eta BAIDATA IV. foroa. Hiru ekitaldi horiek eragile publiko zein pribatuei zuzenduta daude, eta sarrera doakoa da.
'Aste digital' hori antolatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du sektore publikoan nahiz pribatuan modernizazio teknologikoarekin eta ekosistema digital sendo baten sustapenarekin daukan konpromiso argia. Horrela, Bizkaiko Lurralde Historikoa sendotu egiten da AAren eta datuen arloko berrikuntzaren eta harreraren nazioarteko erreferentzia-gune autentiko gisa, ikuspegi osoa eskaintzen baitu azken teknologia digitalen inguruan, bai eta haien aplikazioaren eta gizartean duten eraginaren inguruan ere. Programatutako jardueren agendaren xedea datuaren eta AAren arloko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza erraztea da. Besteak beste GAIA, IDSA, DAMA, BAIDATA eta Mondragon Unibertsitatea entitateek lagunduta, aste digitalak agertoki egokia eskaintzen du inpaktu handiko eremu teknologiko horietan goi-mailako ezagutza eskuratzeko, esperientzia berritzaileak trukatzeko eta negozio-aukera berriak garatzeko.
Hyperautomation & IA biltzarra (HIA Summit)
HIA Summit 2025 biltzarra astelehen honetan izango da, hilak 23, Bilbon, As Fabriken; Mondragon Unibertsitateak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan, alegia. Biltzar hori Robotic Process Automation Summit (RPA Summit) delakoaren bilakaeraren ondorioz sortu zen, eta erreferentziazko foroa da AA, RPA, low-code eta halako teknologia berrien bidez eraldaketa digitalarekin konprometituta dauden lider enpresarial, erakunde publiko eta, baita, unibertsitateentzat. Agendak hiperautomatizazioaren arrakasta-kasuak, adituen taldeak eta talde-dinamikak konbinatzen ditu, automatizazio adimenduneko jardunbide egokiak partekatzeko. Ekitaldia ezaugarri hauek dituen publikoari zuzenduta dago: berrikuntzan aditua da, eta funtsezko zeregina betetzen du erabaki estrategikoak hartzeko eta erakundeko etengabeko hobekuntzara, prozesuen automatizaziora eta lehiakortasunera bideratuta dauden ekimenak ezartzeko orduan.
Data Management Summit
Asteartean, hilak 24, eta asteazkenean, hilak 25, Data Management Summit (DMS) izango da, estatuan eta Latinoamerikan erreferentziazkoa den goi-bilera, datuen kudeaketako profesionalei zuzendua. Hitzordu horren helburua da esperientziak, joerak eta jardunbiderik onenak partekatzea funtsezko gaiei buruz, hala nola datuaren gobernua, analitika, segurtasuna, ikaskuntza automatikoa (machine learning) eta hodeia (cloud). DMSk interakzioa eta ezagutzaren truke erreala sustatzen ditu, eta lehentasuna ematen die ikaskuntza praktikoari eta networkingari (sareak) ingurune hurbil eta kolaboratibo batean. Topagune hori ezinbestekoa da beren erakundeak datuen balio estrategikoaren bidez eraldatu nahi dituztenentzat, eta bi hitzordu ditu Bilbon:
Asteartean, DMS PA izango da, estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko erakundeentzat soilik. Foro horretan, administrazio publikoko antolakundeek datuen kudeaketan arrakasta izan duten proiektu eta kasuak aurkeztuko dituzte, txosten laburren bidez, eta sektore publikoaren eremuan dauzkaten erronka nagusiak eta ezarritako konponbideak azalduko dituzte, bertaratutakoen artean eztabaida pizteko eta esperientzia-trukea sustatzeko.
Asteazkenean, DMS Espainiaren txanda izango da, enpresa-komunitateari irekitako hitzordua, esperientziak eta erabilera-kasuak partekatzeko. Datuen kudeaketaren eta analisiaren arloko goi-bilera da bete-betean, eremuko profesional eta arduradunentzat.
Laugarren Baidata foroa
Euskalduna Jauregian egingo da BaiData foroaren laugarren edizioa. Ekitaldi hori IDSAren (Datu-espazioen Nazioarteko Elkartea) lankidetzan antolatu da, eta dagoeneko erreferentzia garbi gisa finkatuta dago Iberiar penintsulan. Nazioarteko ikuspegiarekin, eta «datuen ekonomia eskalan» lelopean, foro horrek Europan ekimen aitzindariak lotzeko zubi-lanak egiten ditu, arreta berezia jarrita Europako datu-espazioen eraikuntzan, datuen ekosistemen garapenean eta soluzio berrien eskalatzean. Horrela, BaiData foroa funtsezko topagune bihurtu da ideia-trukea eta lankidetza lortu nahi dituzten profesional eta erakundeentzat, datuaren ekonomiaren arloko joera eta garapenen abangoardian egoteko.