Busturialdean dena prest dago San Juan gau tradizionala ospatzeko eta udako solstizioari su eta ekitaldi ezberdinekin ongietorria emateko.
Ibarrangeluko kasuan jaietan murgilduta daude jada. Gaur txupinazoa botako dute 20.00etan eta kalejira Beti Alai fanfarrearekin kalejira ondoreren, gauean Loon Vagos eta Joxpa taldeen kontzertuak izango dira. Bihar, familian pasatzeko eguna izango da haur jolasekin, Bermeoko erraldoien kalejirarekin eta frontoian ospatuko de herri bazkariarekin. Gauean, Josepa Kale Kale eta DJ Imanol “Budha Bilbao” arituko dira. Igandean, meza eta Lorea Dantza Taldearen dantzarien erakustaldia izango dira protagonistak.
Eta astelehenean San Juan gau magikoa iritsiko da sua erre, sorgin-dantza eta txokolatada batekin. Jaiak datorren larunbatean, ekainak 28, amaituko dira Paella Txapelketarekin, pilota partidekin eta Mariaxi Tierra de Ororen kontzertuarekin.
San Juan gaua Muruetan, Gautegiz Arteagan eta Foruan
Muruetan, San Juan gauerako auzolanean metak prestatu ondoren, ekainaren 23an, 16.00etatik 19.00etara, haur eta gazteentzako jolas eta puzgarriak eta apar festa izango dira. Sua 19.00etan piztuko da eta 20.00etan sardina eta txistorra jana egingo dira. Amaitzeko txokolatada eta agurra izango dira. Ekitaldi guztiak musikak alaituta egongo dira eta euria eginez gero ospakizuna elizaldean egingo dela gogoratu dute antolatzaileek.
Bestalde, Gautegiz Arteagan ekainaren 23an 17.30ean hasiko dira jarduerak eskulanekin. Ondoren, haurrentzako askaria, desirak idatziko dira eta gero sutara botako dira. Eta 20.00etako dantzaldiaren ondoren sua piztuko da. Foruan, berriz, 18.00etan eskulanak izango dira Kultur Etxean, 20.30ean txokolatea, buruhandiak eta azkenik sua piztea.