Ekainaren 21ean, Romo ikastetxe publikoak kirolaren bidez kultur aniztasuna ospatzea eta balioestea, eta elkartrukerako eta elkarbizitzarako guneak sustatzea helburu duen Koultour ekimenaren lehenengo edizioa jasoko du.

Getxoko Udalak antolatuta, kulturen topaketarako gune honek San Nikolas Zabalik, Sortarazi eta Pertsonalde erakundeen laguntza izango du. Ekimen honen data bat dator bezperan, maiatzaren 20an, ospatzen den Errefuxiatuen Munduko Egunarekin. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen Agentziaren (ACNUR) arabera, errefuxiatuen kopurua % 20 igo da (milioi erdi pertsona), lekualdatze masiboko egoerak luzatzeagatik eta klima-aldaketaren ondorioengatik. 

“Ekimen hau nabarmendu eta balioetsi nahi dugu, kultura artekotasuna sustatzen baitu kirola ardatz hartuta kulturen arteko topaguneak sortzeko. Kirola, bere izaera inklusiboagatik eta emozio eta esperientzia partekatuen bidez loturak sortzeko duen gaitasunagatik, tresna indartsua izan daiteke kulturen arteko eta arrazakeriaren aurkako bizikidetza sustatzeko. Aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabeko ingurune baten eraikuntza bultzatu nahi da”, azaldu du Mihaela Jilavu Kulturartekotasun eta Immigrazio Zerbitzuko zinegotziak. 

10:00etan hasiko den jardunaldian 18 urtetik gorakoentzat hainbat kirol jarduera (futbola, saski baloia, herri kirolak…) izango dira, musikarekin eta herri bazkari batekin. Amaitzeko, arrazakeriaren kontrako manifestu bat irakurriko dute , sorpresak izango dira eta sariak banatuko dituzte bertaratutakoen artean. 

Futbol eta saski baloiaren jardueretan eta bazkarian parte hartu nahi duten pertsonek doako izenematea egin beharko dute, tokiak mugatuak baitira.