Zabalik Bizilabe programaren edizio berrian izena emateko epea
Astelehenero izango dute 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aukera
Aurreko edizioek izandako harrera ona kontuan izanda, Abanto Zierbenako Udalak martxan jarriko du, Elhuyarrekin elkarlanean, Bizilabe aisialdi-programaren edizio berri bat. Aste honetatik aurrera zabalik egongo da datorren ikasturterako matrikulazio-epea.
2025eko urritik 2026ko maiatzera, astelehenero izango dute 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aukera, Gallartarako Gaztegunean (Bizkaia plaza atzealdea, 3). Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek 17:00etatik 18:30erako ordutegia izango dute, eta DBH-ko 1. eta 2. mailakoek, aldiz, 15:30etik 17:00etara.
Bizilabe 2025-2026 ikasturtearen inguruko informazioa eta izen-ematea: klikatu hemen.
Bizilaberen helburua da esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzea gazteen artean; izan ere, ikerketek erakusten dutenaren arabera, zientziarekin lotutako bizipenek gazteen etorkizunerako asmoetan eragiten dute. Helburu hori lortzeko asmoz, neskamutilak ikertzaile- eta asmatzaile-lanetan jardungo dira Bizilaben, zientzia- eta teknologia gaietan adituak diren gidarien eskutik. Jolasen eta esperimentuen bidez, orotariko edukiak barneratuko dituzte, eta zientzia- eta teknologia-proiektuak garatuko dituzte. Aurtengo ikasturtean, esaterako, erronka zientifiko-teknologikoak gainditu, zirkuitu elektrikoak egin, erreakzio kimikoak gauzatu edota sukaldean dagoen zientzia aztertu ez ezik, programazioa, hidraulika, kriptografia eta biomaterialak landu dituzte.
Bizilabe ezagutzeko aukera
Bizilabe ezagutzera emateko asmoz, datorren maiatzaren 26an ekintza irekia egingo da Gallartako Gaztegunean, 17:30etatik 18:30etara. Bertaratzea librea eta doakoa da. Bertan ikasturte honetan Bizilaben parte hartu duten gazteek garatu dituzten zientzia eta teknologia-proiektuak aurkeztuko dituzte. Bertaratzen direnek, gazteen azalpenak entzun, galderak egin eta egindako lanaren demostrazioak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Proiektuen erakusketaz gain, zientzia-esperimentuen erakustaldi laburra egingo da, zientzia hezkuntzako gidari baten eskutik. Bertaratzen direnek erakustaldi honetan parte hartzeko ere aukera izango dute.
Temas
Más en Bizkaia
-
El tranvía de Bilbao registró en la última década 64 atropellos de peatones, bicis y patinetes
-
Las seis normas básicas de convivencia con el tranvía de Bilbao
-
Gune publikoetan alkoholaren kontsumoa arautzeko kontsulta publikoa abiarazi du Durangok
-
'Bizitza baten isileko lana' erakusketa ikusgai egongo da Durangon