Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, "Bizkaia, museoz museo: hamaika aukera" lelopeko jardunaldi berezia eginez. Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko hainbat museotako ordezkariek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte Bizkaiko museo-ondarearen aberastasuna eta aniztasuna aurkitzera.

Foru-erakundeak bultzatutako ospakizuna Abandoibarran izango da (Evaristo Churruca kaiko gunean), Bilbon, 11:00etatik 19:00etara. Hor, espazio berezi bat antolatuko da lurraldeko 45 museoetan zeharreko ibilbidearen ikus-entzunezko obra batez gozatu ahal izateko. Gainera, bertaratutakoei Bizkaiko museo-eskaintzari buruzko informazio-materialak emango zaizkie.

Jardunaldiko ekitaldi erakargarrienetako bat 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako tailerren gunekoa izango da. Gune hori 11:00etatik 15:00etara egongo da irekita. Sarbide librea eta doakoa izango da -edukiera betetzeko beste partaide-, eta jarduera hauek egingo dira:

  •  Txiki-ehundegiak: Ikasi zer den ehungailua eta egizu zuk zeuk ehuna.
  •  Ber-Egin: Diseinatu zure paparrekoa edo imana, Samotraziako Garaipenean inspiratuta.
  •  Igurtzi dezagun... frottage!: Jabetu zaitez Max Ernstek asmatutako arte-teknika horretaz, eta egin zure obra.
  •  Kaligrafia eta tatuajea: Baliatu XVI. mendeko kaligrafo Juan Itziarren letrak, eta tatuatu alde baterako hitzak zure azalean.
  •  Piraten akademia: Eraiki belaontzi pirata baten maketa, eta ikasi itsasketaren oinarrizko kontzeptuak.

Abandoibarran egindako jarduerez gain, Bizkaiko museo gehienek doako sarrerak eskainiko dituzte, eta Museoen Nazioarteko Egunaren ziozko proposamen bereziak egingo dizkigute. Parte hartzen duten museoen zerrenda eta proposamenak webgune ofizialean kontsulta daitezke.

Ospakizun hau gonbidapen ireki bat da, hau da, denok daude gonbidatuta museoak aurkitzera, gure historiaren, artearen eta kulturaren esparruan ikasteko, inspiratzeko eta konektatzeko guneak diren aldetik. Aukera paregabea da herritar guztiak ondarera hurbiltzeko eta museoen eginkizuna berrindartzeko, denontzako toki biziak eta irisgarriak dira eta.

Museoen Nazioarteko Eguna

Museoen Nazioarteko Egunaren (MNE) helburua da ohartaraztea museoak kultura-trukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulermena, lankidetza eta bakea garatzeko bitarteko garrantzitsuak direla. Duela 40 urte baino gehiago maiatzaren 18an MNE ospatzeko antolatzen hasi ziren ekitaldi eta jarduera hauek egun bat, asteburu bat edo aste osoa ere iraun dezakete.