Bigarren urtez, herriko gaztetxoek elkarrekin uda pasatzeko aukera ederra izango dute Lekeition. Lekeitioko Udalak eta Lekeitioko Eskola Kirolak-ek iaz antolatu zituzten lehen aldiz Herri Udalekuak, eta erantzun ona ikusita, aurten ere udarako programa jarri da martxan, baina aurten beste txanda bat egongo da, eta DBHko gazteek ere parte hartu ahal izango dute.

Hala, aurtengoan ekainaren 29tik abuztuaren 1era izango dira sei txandak, 10.00etatik 14.00etara bitartean. LH 1. mailako ikasleetatik hasi eta DBH 1. mailara bitartekoek parte hartu ahalko dute.

Aurtengo aldiaren ezaugarriak, programaren nondik norakoak eta informazio zehatza datorren astelehenean, apirilaren 28an emango dute, 18.30ean, Azkue aretoan; interesa duen orori bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Era berean, aurreratu dute izena emateko epea maiatzaren 5ean zabalduko dutela.