Síguenos en redes sociales:

Ugaoko Euskal Astea apirilaren 5etik 11ra ospatuko da

Egitaraua tokiko entitateekin batera antolatu da, eta kalejirak, dantzak, antzerkia, tailerrak eta erromeria barne hartzen ditu

Apirilaren 5etik 11ra bitartean ospatuko da Ugao-Miraballeseko Euskal Astearen 28. edizioa. Aste horretan euskal kultura izango da protagonista nagusia, jai eta partaidetza jarduerez betetako programazioarekin.

Egitaraua larunbatean, hilak 5, hasiko da, buruhandien kalejira alai batekin. Ondoren trikitilariak, Etorki Dantza Taldeko dantzariak, Sarea Abesbatzako kideak eta bertsolaritza tailerreko ikasleak batuko dira. Eguna amaitzeko, Herriaren Enparantzan erromeria ospatuko da, "Luhartz" taldearen eskutik. Igandean, hilak 6, dantzaren txanda izango da. Herriaren Enparantzan alardea izango da eta eskualdeko hainbat taldek parte hartuko dute.

Astean zehar, Jane Jauregiak hainbat pr​oposamen hartuko ditu, hala nola eskolako ikasleek antzeztuko dituzten obrak, udari begira larruazala zaintzeko tailerra eta Etorki Dantza Taldeak Olentzeroren pertsonaiari buruz egindako bideo baten proiekzioa. Gainera, Hiru Iturrien plazan haurrentzako jarduerak eta Aitama elkarteak antolatutako tailerrak izango dira. Egitaraua ostiralean, hilak 11, amaituko da kalejira berri batekin, 2025eko Euskaraldia zabaltzeko ekintza batekin eta "Katana" bakarrizketarekin, Ana Goitia umoristaren eskutik.

Udalak eredu parte-hartzaile eta kolaboratibo baten aldeko apustu irmoari eusten dio, eta, beste behin ere, udalerriko erakundeak dira, borondatez, programari forma ematen lagundu dutenak. Aurten AEK, Aitama guraso elkartea, Etorki Dantza Taldea, Sarea Abesbatza, Harile kultur elkartea, Gure Esku, Emahots, Asier Peña eta herriko eskola izan dira partaide, Euskara eta Kultura udal zerbitzuekin batera.

Herriko Eskolaren inplikazioa nabarmendu behar da, ikasleek protagonismoa izango baitute astean zehar egingo diren hainbat jardueratan. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, euskararekin eta kultura bizi eta parte-hartzailearen garapenarekin duten konpromisoa agerian utziz.