Getxo Sormen Hub sormen- eta kultura-sektoreari lotutako proiektu eta enpresentzako ekintzailetza-ekosistemak bi urte bete ditu Algortako Urgull Zentroan martxan jarri zenetik. 

Udalerriko sektore estrategikoei buruz 2020an Udaleko Ekonomia Sustapena Arloak egindako diagnostikoaren ondoren jarri zen martxan zentroa. Udalerrian erregistratutako enpresa eta profesional guztien %11k baino gehiagok industria-sektore horretan garatzen du bere jarduera, eta sektore horrek BPGri %5etik gorako ekarpena egiten dio Euskadi osoan. Kultura- eta sormen-industriak hogei bat diziplina hartzen ditu bere baitan: arkitektura- eta diseinu-estudioetatik arte eszenikoetaraino, ikus-entzunezkoak eta musika, besteak beste.

Juanma Gonzalez Getxolan Ekonomia Sustapeneko zinegotziak gogorarazi duenez, “Getxon jarduera ekonomikoa sortzeko eta mikroenpresei laguntzeko aukera-espazioak eraikitzen joatea da helburua: autonomoak eta enpresa txikiak, batez ere. Kulturaren eta sormenaren esparru horretan, ikusi dugu beharrezkoa dela ekosistema eta laguntza-zerbitzuak sortzea, proiektuak jasangarriagoak izan daitezen eta, horrela, udalerrian talentua atxiki eta erakarri ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da sektoreko erreferentziako eragile eta profesionalekin lankidetzan aritzea, eta mikroenpresen eta ekosistemaren arteko lotura izatea”.

Getxo Sormen Hub ekosistema

Getxo Sormen Hub topagunea da, profesionalizatzeko gunea... Sormen-industrien erreferentea da, jarduerak eta ekitaldi profesionalak sortzen dituena, eta, gainera, lana partekatzeko zentroa da, non mikroenpresek denbora-espazioa izan dezaketen beste enpresa eta proiektu batzuekin lan egiteko eta harremanak sortzeko.

2024an 400 enpresak eta pertsonak baino gehiagok hartu dute parte egindako profesionalizazio-ekintzetan (aholkularitza, prestakuntzak, programak, networkingak...). Halaber, 7 topaketa profesional garrantzitsu egin dira Euskadiko sormen- eta kultura-sektoreko eragileekin lankidetzan (Serifalaris, Basqueguna, Getxo Sormen Talks, Getxo Express, BBDWeek...), eta horietan 1.200 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Era berean, udalaz gaindiko eragileekiko koordinazioa sendotu da, eta honako elkarte profesional hauek nabarmendu dira: BDCC-Basque District of Cultur and Creativity, Eusko Jaurlaritzak sustatua, eta Garapen Creativako lantaldea (GARAPEN Garapen Agentzien Euskal Elkarteak sustatua, Euskadiko tokiko eta eskualdeko garapenerako 3 agentziarekin batera), unibertsitateak...

Bi urteko ibilbidean 21 enpresak eta proiektuk hartu dute ostatu zentroan. Lokalak 22 lanpostu ditu hainbat modalitatetan, batzuk finkoak eta beste batzuk txandakakoak. Gaur egun 15 daude beteta, eta sartzeko aukera zabalik dago lanpostu guztiak bete arte.

Getxo Sormen Hub-ek enpresa-aholkularitzarako zerbitzua ere badu, proiektu guztiei irekia euren garatze-etapa guztietan. 2024an, 29 enpresa-proiektuk jaso zuten zerbitzu hori.