Ura eta Garapen Lankidetza. Esperientzia tekniko berriztatzaileak uraren sarbide unibertsala bermatzeko jardunaldia izango da datorren apirilaren 3an, ostegunean, Getxo Elkartegian, Zabalketa GKEak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, beste entitate batzuen artean. Naturan oinarritutako irtenbideen logikan eta hori ahalbidetzen duten politika publikoen azterketan oinarritutako nazioarteko esperientzia teknikoen trukerako ezinbesteko jardunaldia izango da. 

Jardunaldia 10:00etan hasiko da Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziaren ongietorriarekin. Berak eskerrak eman dizkio Zabalketari topaketa hau posible egiteagatik eta “Getxok nazioarteko lankidetza bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa duen udalerria izaten jarrai dezan lanean segitzeko konpromisoa berresten dugu. Jardunaldian eztabaida interes handieneko gai batean zentratuko dugu, hau da, ura eskuratzeko aukera unibertsala, bizirik irauteko oinarrizko giza eskubidea eta garapen iraunkorraren zutabea“. 

Ondoren, esperientziak eta jardunbide egokien aurkezpena izango da, batez ere Euskadin garatutako proiektuetan arreta jarriz, akuiferoen birkarga hobetzeari, giza kontsumorako ura sartzeari eta saneamenduari buruz. Saio horretan hurrengoek hartuko dute parte: Henk Holtslag landa eremuko ur-hornikuntzan nazioarteko erreferente eta aholkulariak, Jaime Aguirre Pérez Mekanika eta Mekatronikako ingeniariak, Teresa López de Armentia Kimika Zientzietan doktoreak, hondakin-uren tratamendurako sistema biologikoetan espezializatua, eta Ricardo Fernández Quintana, Medicus Mundi Bizkaiako Erdialdeko Amerikako koordinatzaile teknikoa eta ordezkariak.  

12:00etatik 13:30era, 6 GJHrako (Ur garbia eta Saneamendua) Euskal Lankidetzako Politikak mahaingurua izango da, lorpenak, ikasitakoak eta hobetzeko aukerak identifikatuz. Hizlariak Miren Saiz eLankidetzako teknikaria, Ignacio Rodriguez Puertas Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendari nagusia eta Henk Holtslag izango dira, eta moderatzailea Eva Argote nazioarteko lankidetzan espezializatutako kazetaria.