Síguenos en redes sociales:

Jabekuntza eta Prestakuntza Feministarako Eskola berria aurkeztu du Sestaok

Ekimen hau Udalaren IV. Berdintasun Planean jasota dago

Datorren astelehenetik aurrera eta ekainera bitartean jarriko du martxan Sestaoko Udalak, Berdintasun sailaren bitartez, Emakumeentzako Jabekuntza eta Prestakuntza Feministarako Eskolaren edizio berri bat. Ekimen hau Udalaren IV. Berdintasun Planean jasota dago.

2019an sortu zen, eta, harrezkero, berdintasunaren arloko programazioaren barruan finkatzea lortu du, emakumeen artean izandako arrakasta handiaren ondorioz.

Aurtengo Ikasturtean Eskolak zortzi tailer eskainiko ditu guztira, hiru goizez eta bost arratsaldez, arratsaldeko ordutegian egiten diren ikastaroetan eskari handiagoa dagoela egiaztatu baita.

Oraingo honetan, eskolak aukera eskainiko die beste udalerri batzuetako emakumeei tailerretan izena emateko, baldin eta plaza librerik bada, eta argi utzita Sestaon erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dutela beti.

Goizean egingo diren hiru tailerrak "Antolatu zure helburuak. Agenda pertsonalizatua”, “Estresa, gure laguna” eta “Egin memoria, emakumea!” dira. Arratsaldez, berriz, honako tailer hauek egingo dira: "Korapilatuak - Makramea", "Emakume helduaren osasuna eta jabekuntza", "Emakumezkoen Autozaintza Zirkulua", "Zaharberritzea eta birziklatze sortzailea" eta "Tai Ji Juan".

Izena emateko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Horretarako zenbait aukera daude: Udalaren webgunean (Berdintasuna atalaren barruan) argitaratutako inprimakia betetzea; paperrean betetako inprimakia aurrez aurre ematea (Castaños eraikineko Berdintasun arloan) edo eskaneatuta posta elektronikoz bidaltzea berdintasuna@sestao.eus kontura. Azkenik, 94 472 90 37 telefono-zenbakira deituz ere izena eman daiteke.

Berdintasun Arloak haurtzaindegiko doako zerbitzu bat antolatuko du emakumeak tailerretara joatea errazteko, betiere tailer bereko 3 emakumek hala eskatzen badute.