Urtero bezala, Mungiako Udalak bat egingo du datorren larunbatean, martxoaren 8an, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Horretarako programazio berezia prestatu egin du, hilaren 7tik 28ra bitartean garatuko dena, eta emakumeen papera aldarrikatzera bideratutako publiko guztientzako ekimenak dituena.
Mungiako Udaleko Berdintasun zinegotzi Bakarne Egiak ospakizun honen eta planteatutako programazioaren garrantzia azpimarratu du, berdintasunean aurrera egiten jarraitu nahi baitu: "Martxoaren 8a aldarrikapenerako eguna ez ezik, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten alde elkarrekin hausnartzeko, partekatzeko eta lanean jarraitzeko topagunea izatea nahi dugu. Programatutako jardueren helburua da emakumeek eremu guztietan duten zeregina agerian jartzea eta benetako berdintasunarekiko dugun konpromisoa indartzea".
Horrela, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko jarduerak martxoaren 7an hasiko dira emakume baserritarrei egindako omenaldiarekin, Andra Marin, 9:00etan, non loreak eta txokolatea banatuko zaizkien protagonistei. Arratsaldean, Gaztegunean, "Martxoaren 8a aldarrikatzeko collage tailerra" egingo da, 12 urtetik gorako gazteentzat. Izena eman nahi dutenek Gazte Informazino Bulegoan edo gaztegunea@mungia.eus helbide elektronikoan egin dezakete.
Martxoaren 8an, larunbata, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Andra Marin Emakume Artisauen III. Azoka egingo da, Mungartek Mungiako Udalarekin elkarlanean antolatua, 11:00etatik 15:00etara. Bestalde, 12:00etan, mungiarrak Euskal Pizkunde Etorbidera hurbildu ahal izango dira, Mungialdeko emakumeen elkarteek eta talde feministek Udaletxearen aurrean deitutako manifestazioan eta ondorengo konzentrazioan babesa adieraztera.
Martxoaren 8aren ondorengo programazioa
Martxoaren 8aren ondorengo egunetan egun horren inguruko jarduerek jarraituko dute. Hala, martxoaren 15ean, larunbata, Tallu Mendizale Klubak antolatutako "Berdintasunaren aldeko Tontorrak" 5. martxa izango da, Udalaren laguntzarekin. Hau 8:00etan abiatuko da Matxin plazatik. Martxoaren 20an, osteguna, 18:30etatik 20:00etara, Udaletxeko erakusketa aretoan, "Osasuna emakumeengan: elikatu nutrizionalki 50etatik aurrera" hitzaldia emango da, jende guztiarentzat irekia. Egun horretan bertan, martxoaren 20an, Sonia Casasek Torrebillelan eskainiko duen "Emakumeei bidea zabaltzen goi mendian" hitzaldia ere izango da 19:00etatik aurrera. Hau, Tallu Mendizale Klubak Mungiako Udalarekin elkarlanean antolatua, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta mendi klubak martxoan antolatu ohi duen "Emendi, emakumea eta mendia" ekimenaren barruan kokatzen da.
Autodefentsa feminista tailerrak
Martxoaren 14an eta 28an, 11 eta 15 urte bitarteko neskentzako autodefentsa feminista tailerrak izango dira Udaletxeko erakusketa aretoan. Saio horien helburuak neskengan ere "naturalizatuta" dauden jokabide matxistak identifikatzea eta hautematea dira. Aldi berean, jazarpen- eta indarkeria-egoeren aurrean erreakzionatzeko estrategiak eskaintzen dira, nesken autoestimua sustatuz eta segurtasun arduratsua landuz. Saio horietan parte hartzeko, beharrezkoa da amaren edo aitaren baimena, eta izena emateko 747 414 272 edo 94 674 10 43 telefono-zenbakiak erabil daitezke. Horretarako, emaila bidali behar da berdintasuna@mungialde.eus helbidera.