Asteburu honetan, martxoaren 7tik 9ra bitartean konkretuki, ospatuko ditu inauteriak Sestaok, eta horretarako egitarau berezia bezain zabala prestatu egin du Udalak. Astearte honetan goizean, Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziak egun horietarako prestatutako ekintzen programazioa aurkeztu du.

Aurkezpen hori Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin du, udaleko indar politiko guztietako zinegotziak bildu dituen prentsaurreko batean. Aurten ere, udal-ordezkariak mozorrotuta agertu dira hedabideen aurrean, herritarrak eta bisitariak festa ospetsu eta parte-hartzaileez gozatzera animatzeko.

Izan ere, Bizkaiko udalerri gehienek dagoeneko sardina erre eta Zanpantzar datorren urtera arte agurtu dute; Sestaok, berriz, dena prest dauka lekukoa hartzeko eta dibertimenduz eta umorez betetako asteburu bat bizitzeko. Hiru egun izango dira kaleak hartu eta elkarteek eta Udalak berak prestatu dituzten jarduera guztiez gozatzeko.

Martxoaren 7ko (ostirala) programazioa

Aurten ere, eskola-umeak arduratuko dira inauterietako jaiei hasiera emateaz, eta Sestaoko kaleetan ohiko kalejira egin ondoren, disko-festa egingo dute Kasko plazan, 11:45etik aurrera.

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Gaztegunek inauterietako tailerrak antolatuko ditu San Pedro plazan, eta 19:00etatik aurrera, Arriskugarri eta Salleko dantza-taldeek kalejira bat egingo dute Sor Josefa Balda parketik Kasko plazaraino Lantzeko inauteriak antzezteko.

Jaien lehen egun hori amaitzeko, Chimo Bayok techno musika-saio bat eskainiko du San Pedro plazan, 22:00etatik aurrera. Saio horretan, 90eko hamarkadako DJ ospetsuenetako bat eta Bakailaoaren Ibilbidearen ikono bihurtu zuten arrakasten errepasoa egingo du.

Martxoaren 8ko (larunbata) programazioa

Larunbatean, 12:30etatik aurrera, maskotek inauteria ospatuko dute berriz ere, eta txakurrak, katuak eta etxeko beste animalia batzuk beren jabeekin batera mozorrotuta agertuko dira San Pedro plazan. Zaunka Ladrido maskotentzako aisialdi-zentroak Udalaren laguntzaz antolatu duen jarduera horretan guztira 500 euroko balioa duten hiru sari banatuko dira mozorrorik onenentzat, eta parte-hartzaile guztiei opari txiki bana emango zaie.

Arratsaldeko ordu batean, Eusko Lorak dantza-taldeak Sardina kalejiran eramango du auzoetara, eta ibilbidea San Pedro plazan amaituta, bere inauteri-dantzaren azken emanaldia eskainiko du. 18:30ean hasiko da Inauterietako Desfile Handia, Kasko plazan abiatu, eta San Pedro, Vicente Blasco Ibañez eta Kuetoko Gurutzetik igaro ondoren, Bide Nagusitik zehar Kaskora itzuliko dena. Aurten ere 18 sari banatuko dira, guztira 11.260 euroko balio ekonomikoa dutenak, mozorrorik onenak saritzeko. Sari erakargarria horiek kuadrillen parte-hartzea sustatzea dute helburu. Irabazleen izenak gaueko 9ak aldera ezagutuko ditugu.

Larunbat arratsalde eta gauean San Pedro plazan musika eskainiko dute Paco DJk, 18:00etatik aurrera, eta Bilbosonidok, 22:00etatik aurrera. Gauerditik aurrera, El Despiste eta KuKlux fanfarreen musikak animatuko du gaueko giroa, ostalaritzako establezimenduak dauden kaleetan.

Larunbat honetarako, Gazteguneak "De k vas?" mozorro-lehiaketa antolatu du.Gazte guztiak gonbidatuta daude, 2025eko inauterietako kartela hartuta, banakako edo taldeko argazkiak egin eta, gauerdia baino lehen, 607 597 339 whatsapp zenbakira edo Instagram@gaztelekusestao kontura bidaltzera.

Martxoaren 9ko (igandea) programazioa

Gozo-eltze jokoaren igandean, Dantza Alai orkestrak girotutako dantzaldia egingo da 17:30etik 20:30era, San Pedro plazan, batez ere adinekoei zuzendua. Arratsaldeko 6etan, agertoki berean, ohiturazko gozo-eltze jokoa egingo da. Sestaon 140 urtetik gorako tradizioa duen joko horretan haurrek eltzea apurtzeko dituzten trebetasunak erakutsi ahal izango dituzte.

Inauterietako jaien bukaera 19:30etik aurrera egingo den sardinaren ehorzketa izango da. Segizioak La Iberia kaletik irten eta La Benedictara iritsi arteko bidea egingo hiletariek eta El Despiste fanfarreak lagunduta. Han, sardina itsasadarrera bota eta bertan erreko dute, su artifizialen sorta bat botatzen den bitartean.