Inauteriak abiatzeko egun gutxi falta dira, eta Lea Artibaiko udalerriek prest dituzte jaiak tradizioz, alaitasunez eta kolorez ospatzeko programazioak.
Ondarrutarrek martxoaren 1ean eta 4an ospatuko dituzte inateriak. Larunbatean eguerdiko 13:00etan hasiko da jaia Inauterietako emanaldiarekin eta ondoren dantzak, Errebalatxikiñe Inauteri Festa, Lantzoi jauna agurtzeko kalejira eta 20:00etan Lantzoi Jaunari ongi etorria izango da. Eta gauean 22:00etik aurrera erromeria egongo da Joxparekin.
Martxoak 4an umeak izango dira protagonistak Ondarroan eta umeen kalejira ondoren Animazioa! ikuskizuna egongo da. Arratsaldean, playback lehiaketa Inauterietako dantzak kalez kale, eta amaieran, Miel Otxin erreko da. Eguna Akularen enterruarekin bukatuko da.
Eta Lekeition 700. urteurrenaren ospakizuna aprobetxatuz, garai historiko honetako jantziekin mozorrotzeko deia egin dute. Bertan, bihar, otsailak 27, hasiko dira aratusteak sasikoipetsu eguna ospatuz. Ostiralean, berriz Askott gaua ospatuko dute eta hortik aurrera hainbat ekitaldi izango dituzte asteburuan zehar. Larunbatean, ez da faltako Aratuste Alai estudiantinarekin kalejira eta 20:30ean Aittitta Makurra txarangarekin kalejira ere egongo da Nautikatik hasita. Igandean, Aratuste Egunean, Sasikoipetsu mendi martxa eta Eguzkilore jubilatuen abesbatzaren kontzertua egongo dira. Eta martitzenean Turuta eguna ospatuko dute eskolako kalejira, antzerkiekin eta umeentzako txokolatadarekin. Eguna bukatzeko Dj saioa eta mozorro lehiaketa egongo da.
Eta Markina-Xemeinen dagoneko ekitaldi ezberdinak izan dituzten arren, martxoaren 2a izango da egun nagusia. Egun horretan ohi denez Zaragi-dantza eta Hartza izango dira, baita ere gazte bazkaria, eta mozorro desfilearen ondoren sari banaketa. Eguna Elustondo neba-arreben erromeriarekin bukatuko da.
Bestalde, Aulestian eta Munitibarren Inauteriak martxoaren 1ean ospatuko dituzte bazkari herrikoiekin eta Aulestian mozorro lehiaketarekin. – E. Salterain
HITZ GUTXITAN
Tradizioak. Ondarroan Lantzoi jaunari ongi etorria eta Akularen enterrua, Lekeition Aratuste Alai estudiantina, eta Markina-Xemeinen Zaragi-dantza eta Hartzaren tradizioak ez dira faltako.
Mozorro lehiaketa. Markina-Xemeinen taberna eta denden mozorro lehiaketa antolatu dute. Izen ematea zabalik dago otsailaren 27ra arte.