Ibaizabaleko haur-parke berria inauguratu du Durangoko Udalak
Hurrengo hilabeteetan San Fausto eta Errotaritxuena auzoetako haur-parkeak berrituko dituzte
Aste honetan inauguratu du Durangoko Udalak Ibaizabaleko haur-parkea, udalerriko espazio publikoak hobetzeko ekimenarekin jarraituz. Hurrengo hilabeteetan San Fausto eta Errotaritxuena auzoetako haur-parkeak berrituko dituzte baita ere, haurrentzako jolas parke berriak jarriz eta udalerriko hainbat gunetan lurzoruak berrituz.
Ibaizabaleko haur-parkea zabalik
Ibaizabal auzoko berdegunean kokatutako haur-parkea Urbabil 2000 enpresak eraiki du, 63.830 euroko (+ BEZa) aurrekontuarekin. 155 m²-ko azalera du, eta 2 eta 14 urte bitarteko haurrentzat diseinatuta dago. Jolas inklusiboak ditu, besteak beste, egokitutako kulunka bat eta irisgarria den bowl birakari bat.
Horrez gain, Gainera, jolas kooperatiboa sustatzen duen sare egitura handi bat instalatu da, haur gehiagok elkarrekin jolasteko aukera emanez. Argiztapena hobetzeko, LED farola berri bat jarri da, eta garbitasuna bermatzeko, paperontzi bat. Era berean, berdegunea txukundu eta beharrezko hornidurak instalatu dira.
San Fausto eta Errotaritxuena, martxan
Durangoko Udalak San Fausto eta Errotaritxuena haur-parkeen berrikuntzan ere lanean jarraitzen du, aisialdirako espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta modernoagoak eskaintzeko helburuarekin.
Jarduketa horietara bideratutako inbertsioa 142.687,2 eurokoa da (BEZik gabe), honela banatuta:
- Ibaizabal: 63.830 euro
- San Fausto: 48.485,6 euro
- Errotaritxuena: 30.371,6 euro
Gainera, udalerriko hainbat parketako lurzoruak berritzen ari dira, urteko mantentze-planaren baitan, horien artean Faustegoiena, Astolabide, San Fausto, Zuhatzola, San Inazio, Landako Eskola eta Intxaurrondo aurkitzen dira.
Inbertsio hori udalak Durangoko haurrentzat jolasgune inklusibo, irisgarri eta seguruak bermatzeko konpromisoaren ondorioa da.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi duenez, “haur-parkeak Udalaren aisialdi-estrategiaren oinarri garrantzitsuak dira. Parke berri hauek martxan daudelarik, San Inazio parkean estalkia jartzeko proiektuak aurrera doa eta aurten bertan gauzatuko da. Une honetan, xehetasunak amaitzen ari gara, eta urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten dugu ”.
Bestalde, Intxaurrondo kalean, Tabirako haur-parke ondoan, ur-jolas eremu berria eraikitzeko lanak laster hasiko direla gogorarazi du. “2023ko aurrekontu parte-hartzaileen bidez herritarrek hautatutako proiektu honek 140.239 euroko aurrekontua du. Uda aurretik amaitzea dugu helburu, belaunaldien arteko topagune freskagarri eta inklusiboa eskainiz" adierazi du alkateak.