Fundazioaren parte aktibo diren 19 enpresak, 29 klubak eta 35 taldeetako ordezkariak hartu dute parte astelehen honetan Bizkaia Frontoian Bizkaialderen 25 urteak ospatzeko egindako topaketan. Bertan, Fundazioaren Patronatuko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak Fundazioa osatzen duten erakunde eta kluben ahalegina eta konpromisoa jaso eta eskertu ditu.

Leixuri Arrizabalagak eskerron berezia eskaini die Bizkaialde Fundazioaren proiektuaren alde dauden enpresei, eta Bizkaiko gizarte osoari egindako ekarpena nabarmendu du. Era berean, Bizkaialde Fundazioko presidenteak ekitaldian parte hartu duen Bizkaiko kirol-sarea goraipatu du, eta haren dedikazioa, ahalegina eta talentua nabarmendu ditu; izan ere, gure lurraldea hainbat kirol-modalitatetan gailentzen ari da sare horri esker.

Arrizabalagak nabarmendu zuenez, "25 urte igaro ondoren, Bizkaialde Fundazioak erakutsi du lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa dela Bizkaiko kirol-sistemaren giharra indartzen jarraitzeko. Familia horrek hazten jarraitu behar du, gure kirolarien ametsak errealitatera ekartzen jarraitu ahal izateko, eta gure gizartearentzat eredu izango diren hurbileko erreferenteak eduki ahal izateko".

Bizkaia Frontoiak Fundazioa osatzen duten entitate eta enpresen ordezkariak hartu ditu gaur, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bizkaialderen ekarpenen onuradun diren kirolari eta kluben ordezkariak ere.

Denboraldi honetan (2024-2025), Bizkaialde Fundazioak 999.693,90 euro banatu ditu 14 modalitatetan eta 18 kirol-diziplina desberdinetan lehiatzen diren 29 klub eta 35 talde babesteko; horrela erakutsi du lurraldean kirola garatzeko eta sustatzeko etengabeko konpromisoa duela.