Astearte honetan arratsaldean, Fadurako TikiToki gizarte- eta kirol- zentroak 'Elkarlanean' ospatu den Getxo Sasoi Sasoian galaren egoitza izan da. Bertan, Getxoko 2024ko kirolaririk onenak saritu dira, hala nola Victoria Madariaga, José “Chefo” Basterra eta Rafael Villalonga hockeyko jokalariak, Maialen Narbona txirrindularia eta Telmo Fisher errugbiko jokalaria.
Getxo Kirolak-eko teknikariek, kazetariek eta Getxoko kirol arloko adituek osatutako epaimahaiak jakitera eman du sarituen izenak. Banakako sari nagusiak honako hauentzat izan dira: Victoria Madariaga, Sanse Complutense klubeko jokalaria, senior mailako emakumezko Kirolari Onena, Espainiako selekzioarekin lortu zuen 21 urtez azpiko Europako Azpitxapelketagatik. Gizonezko seniorretan, sari bikoitza emango zaie José "Chefo" Basterrari eta Rafael Villalongari, Madrilgo Club de Campoko hockeyko jokalariei, Parisko Joko Olinpikoetan Espainiako selekzioarekin lortutako diploma olinpikoagatik, brontzezko domina lortzeko borrokan galdu baitzuten. Promesa kategoriako sariei dagokienez, emakumezkoena Maialen Narbona Punta Galea Tx. E.-ko txirrindulariarentzat izango da, pistako zein errepideko probetan lortutako emaitza bikainengatik, baita taldekako Espainiako Erlojupeko Txapelketagatik ere, besteak beste. Era berean, Aviron Bayonnais taldeko Telmo Fisher errugbi jokalariak saria jasoko du gizonezkoetan, Espainiako selekzioarekin 18 urtez azpiko Errugbi 7-ko Txapelketan irabazitako zilarrezko dominagatik.
Senior sari kolektiboetan, aurten Getxo Rugby emakumezkoen taldearentzat izango da errekonozimendua, Ohorezko Mailara igotzeagatik; eta Getxo Saskibaloi Taldeko gizonezkoen bigarren taldea ere sarituko dute Bigarren Nazional mailara igotzeagatik. Promesa taldeentzako sari kolektiboei dagokienez, emakumezkoen saria Getxo Igeriketa Waterpolo Bolue Elkarteak jasoko du, Espainiako Txapelketan lortutako 12 dominengatik; eta Getxo Rugby-ko 16 urtez azpiko taldeak, Euskadiko Txapelketan lortutako garaipenagatik.
Edizio honetako palmaresa sari bereziekin osatuko da: Marka Hautsiz saria Real Club Jolasetari emango zaio Espainiako II. Hockey Plus Txapelketa antolatzeagatik; Kiroltasuna saria Alejandro Marín Dobarani emango zaio, atletismoari eskainitako dedikazio luzeagatik; Konektia enpresak Getxo Zabala saria jasoko du dibertsitate funtzionalarekin lotutako kirol proiektuei ematen dien laguntzagatik; eta, azkenik, Francisco Javier Izkoari Aitzindariak saria emango zaio, Real Zaragoza eta Granada FC bezalako taldeetan egindako futbol ibilbideagatik.