Bertoko basoak sustatzeko asmoz BaSOS elkarteak crowdfunding kanpaina bat jarri zuen martxan 2023an, Busturialdean lursail bat erosi eta bertoko basoa hazteko asmoz. Kanpaina horretan bildu zen diruarekin sei hektareako lursaila erosi zuten Muxikan.

Orain, auzolanean eta boluntarioen laguntzarekin, 3 urtetan babes-basoa sortzea da elkartearen erronka eta dagoeneko bi landaketa egin dituzte erositako lursailean.

Lehenengoa abenduaren 28an izan zen eta bertan 400 bat landare sartu zituzten. Hurrengo landaketa urtarrilaren 19an antolatu zuten, eta Gernika-Lumoko Allende Salazar eskolako guraso eta umeek lagunduta 250 landare sartu zituzten lursaileko hektarea erdian.

Hurrengo txanda otsailaren 9an izango da, Barrutia herri ikastetxearekin eta Barrutialde institutuarekin. Bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Hitzordua 09:00etan izango da, Ariatza auzoko aparkalekuan. Landaketa hasi ondoren hamaiketako bat egongo da goiz erdian. Bestalde, aitzurra eta eskularruak izanez gero eramatea eskatzen dute eta horrez gain, euria eginez gero euritarako arropa eta aldatzeko arropa ere eraman beharko da.

BaSOS elkartea, Busturialdean bertoko basoak sustatzeko taldea, 2021.ean sortu zen, berton bizi diren herritar batzuk inguruko paisaiaren bilakaeraz kezkatzen hasi zirenean. Helburua bertoko basoek eskeintzen dituzten onura ekologikoak, sozialak eta ekonomikoak balioan jartzea da. Horretarako hitzaldi, tailer, mahai inguru eta antzekoen bidez kontzientziak piztu eta hausnarketa bultzatzen dute, guztia praktikara eramanez.

Hitz gutxitan

Helburua. 2023an egindako crowdfunding kanpainarekin erositako lursailean landareak sartu eta hiru urtetan babes-basoa sortzea da BaSOS elkartearen helburua

Hitzordua. Otsailaren 9an goizeko 9.00etan Ariatza auzoko parkinean batuko dira Barrutia herri ikastetxe eta Barrutialde Institutuko ikasleak