Síguenos en redes sociales:

Belaunaldien arteko gune berria martxan du Durangoko liburutegiak

‘LAB Egunak’ egitasmoa otsailetik ekainera hilean behin izango da sormena eta lankidetza sustatzeko

Belaunaldien arteko gune berria martxan du Durangoko liburutegiakO. B.

Gaurtik ekainera, hileko lehen ostegunean, Durangoko Bizenta Mogel Liburutegia sormena, lankidetza eta belaunaldien arteko ikaskuntza sustatzeko gune bihurtuko da. Izan ere, udal liburutegiak LAB Egunak egitasmoa jarri du abian, adin guztietako pertsonentzako espazio irisgarri eta inklusiboa,

Ekimena hilabete bakoitzeko lehen ostegunean egingo da 17.00etatik 20.00etara eta Diana Franco (Baratza Digitala) izango da dinamizatzailea. “LAB Egunetan liburutegiko gela bat sorkuntzarako espazio irekia bilakatuko dugu. Bertan proiektuak prototipatzeko tresnak eta makinak aurkituko dituzu: 3D inprimagailua, laser mozketa makina, zirkuituak sortzeko material elektronikoa… eta garrantzitsuena, pertsonak eta euren ezagutzak ere aurkituko dituzu”, aurreratu du.

Gauzak horrela, espazioa hainbat arlo tematikotan antolatuta egongo da, hainbat interes eta esperientzia maila estaltzeko diseinatuta. Besteak beste, eskulanen txokoan ideiak garatzeko materialak egongo dira, hala nola legoa, plastilina, pinturak, errotuladoreak eta papiroflexiarako materiala, baita eskuzko proiektu txikiak inspiratzeko eta gidatzeko liburuak.

Proiektu txikien espazioan, adibidez, kartoizko gailu mekanikoak eraikitzeko baliabideak eta soinu elektronikoarekin esperimentatzeko tresnak aurkituko dira. Gainera, elektronika, fabrikazio, ideien eta beharren panela, gune librea eta autoedizioaren txokoak ere aurkituko dira.