Datorren ikasturterako matrikulazio epea ireki egin den aste honetan, Getxoko alkate Amaia Aguirrek lehenengo aldiz matrikula egin behar duten familiei eskutitz bat bidali die animatzeko B eta, batez ere D ereduetan egitera. Epea bi astez egongo da zabalik, otsailaren 14ra arte.

“Eredu horiek txiki-txikitatik euskararen munduan murgiltzeko aukera eskaintzen dute, urrats garrantzitsua izanda etorkizun anitza, inklusiboa, eta eleanitza eraikitzeko, euskararekin erdigunean”, zehaztu du alkateak. 

Aurten Udalak 2 eta 3 urteko haurrak dituzten 875 familiei bidali die eskutitza. Bestalde, umeen heziketaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko aholkuak eta baliabideak udal webgunean aurki daitezke. 

“Nahi dudalako”

Bestalde, Udalak ikasketak euskaraz egiten jarraitzera DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleak ere animatzen ditu, beste urte batez,  Nahi dudalako! lelopeko kanpainaren bitartez, hurrengo matrikulazio epeari begira (udaberrian). Kanpaina Bizkaiko 16 udaletan, tartean Getxokoan, eta bi mankomunitatetan eramango da aurrera, Foru Aldundiaren, Alkarbide (Bizkaiko Euskara Zerbitzuek osatuta) eta EUDELekin elkarlanean.  

Horretarako, Udala kanpainaren helburuari buruzko informazio foiletoaren 3.200 ale banatzen hasi da, ikastetxeetan, institutuetan, Gazte Informazio Bulegoan, kiroldegietan, liburutegietan…; 2009an eta 20210ean jaiotako gazteren etxetara 1480 bidaliko ditu, eskutitzarekin batera 2009ko jaiotakoen gurasoei. Horretan webgune honetan sartzera animatzen da, bertan egun dagoen hezkuntza eskaintza (Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea) azaltzen delako.

Gainera, inkesta bat betetzera animatzen da, horrekin hainbat sari irabazteko aukera izango dutelako gazteek. Sariak drone bat, action argazki kamara bat, eta 75 euroko txartelak, kultura, zinema eta kirolean gastatzeko.