San Bizente jaiak Munitibarren asteburuan
Jaiaren hasiera urtarrilaren 24an izango da 19:00etan pregoiarekin eta txupinarekin
Dena prest dago urtarrilaren 24tik 26ra Munitibarko San Bizente jaiak ospatzeko. Jaiaren hasiera urtarrilaren 24an izango da 19:00etan pregoiarekin eta txupinarekin.
Aurten musika izango da nagusi jaietako egitarauan eta ostiraleko Diskofesta eta Dj Pako emanaldien ostean, larunbatean kontzertuak izango dira karpan Uda, Chuleria, joder!, Garratz, eta Lekeitioko 48280 rap taldeekin.
Pilota partidak ere ez dira faltako, eta urtarrilaren 24ko zesta punta partida profesionalez gain, igandean, urtarrilaren 26an, pilota partidak izango dira arratsaldeko 17:00etan.
Bestalde, gastronomiak ere bere tokia izango du asteburu honetan. Adibidez, urtarrilaren 25ean Garaiko Kontserbak garagardo dastaketa izango da 13:00etatik aurrera Udal Aretoan, eta urtarrilaren 26an eguerdiko 12:00etan karpan pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Gogoratu behar da, halaber, urtarrilaren 25ean Gababusako zerbitzua egongo dela Lea Artibai eskualdetik Munitibarreraino. Txartelak salgai daude gababusa.eus webgunean.