Serantes mendiko fauna eta florari buruzko mural-erakusketa bat ikusgai dago joan den ostiraletik mendiko lautadan. Hala, nahi dutenek erakusketa bisitatu ahal izango dute urtarrilaren 10era arte. Ingurumeneko egitasmo horretan Bullon eta Villarreko eguneko-zentroek eta Santurtziko turismo-bulegoak antolatutako ingurumeneko pintura-tailerretako kideek hartu dute parte. Beraz, egitasmoa belaunaldien artekoa dela esan genezake.
Karmele Tubilla Santurtziko alkateak adierazi bezala, “ekimen horren bitartez, gure mendia eta bertako fauna eta flora nabarmendu ez ezik, eguneko zentroen erabiltzaileen zahartze aktiboa ere sustatzen dugu. Hori guztiori sormena erabiliz. Horrela, erabiltzaile horiek Serantes mendia gertu senti dezakete nolabait, eta mendira joaten zireneko oroitzapenak berreskuratu”.
Eguneko zentroetako adinekoek 4 x 1,22 metroko bi mural pintatu dituzte eta 2 x 1,22 metroko beste bi, guztira 4 mural. Tailerretan parte hartu dutenek, berriz, bestelako lan batzuk egin dituzte. Horrela, gazteenek muraletan azaltzen den espezie bakoitzari buruzko narrazioak egin dituzte, lan bakoitzean dauden QR kodeak eskaneatuta entzun daitezkeenak. Horiez guztiez gain, Bilboko kolonia ukraniarrak ere hartu du parte egitasmoan. Gerrako errefuxiatuak dira eurak, eta lan aparta egin dute.
Pinturak egiteko, arte puntillista erabili da, egitasmoa errazagoa izan zedin margozteko ohiturarik ez duten herritarrentzat. Iñigo Urrutia egitasmoaren dinamizatzailearen hitzetan “Pintzelak eta mihise zuriak sortzen duten bertigoa saihestu nahi izan dugu puntillismoaren mesedetan. Muralak koloreztatzeko liburuak bailiran prestatu dira, parte-hartzaileek dagozkion brotxa eta koloreak erabiliz, behar bezala margotu eta punteatu zezaten”.
700 bat lagunek hilabete luzez egindako lan eta ahalegin handiari esker, 26 lan koloretsu eta dotore egin dira.