Ostiral honetan goizean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari obra-lizentzia ematea onartu du Barakaldoko Udaleko tokiko gobernu batzarrak. Horrek Zuazoko Osasun Zentroan jendeari arreta emateko eremua handitzeko obrak egitea ahalbidetuko du. Gaur goizean Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak ekimen honen nondik norakoak azaldu ditu.

"Jarduketa honen bidez, anbulatorioko arkupeak itxi egingo dira, eta administrazio-eremuko instalazio berriek hartuko dituzte. Horrez gain, beste sarbide bat prestatuko da alboko aldetik, zehazki, Lurkizaga eta Asturias kaleen artean dagoen oinezkoentzako kaletik", azaldu du Pizarrok.

Obrek 519.006,3 euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta Osakidetzaren kontratazio-prozesuan daude. Itxi behar den eremuak 75,10 metro karratuko azalera du, eta ia bikoiztu egin ahal izango dira itxaroteko eta pazientea artatzeko espazioak; gaur egun 72,20 metro karratu hartzen dituzte, eta 140,05 dira.

Alboko kaleko sarbide berriak, berriz, arrapala bat, eskailera bat eta baranda bat izango ditu. Horren barruan sartzen da eragindako eremuko baldosak ordeztea. Aurreikusitako obra guztiak egiteko epea 10 hilabetekoa da.

"Anbulatorio honen administrazio-eremuak oso leku gutxi du gaur egun, eta deserosoa da herritarrentzat zein Osakidetzan lan egiten duten pertsonentzat. Beraz, auzoko bizilagunentzako eta Barakaldoko osasun-arretarako esku-hartze positiboaz ari gara ", adierazi du Juan Antonio Pizarrok.

Osasun Zentroa 1988an eraiki zen, José Manuel Freire Osasun sailburu zela, Arteagabeitia-Zuazo eremuari zerbitzua emateko. Eraikinak beheko solairua eta 4 solairu ditu; azkenekoa, gainerakoek baino okupazio txikiagoa du oinplanoan, eta eraikina errematatzen duen estalki lauaren irteera da.

Orain egingo den esku-hartzeak ez du eraikinaren jatorrizko bolumena handituko, eta Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) jasotakoari egokitzen zaio, udal-teknikariek egiaztatu duten bezala.