Urtero bezala, Galdakaoko Udala 2025eko egutegiak banatzen hasiko da datorren asteazkenean, abenduaren 11n. Euskara arloak antolatutako egutegiak udalerriko argazkiak ditu, eta urtero-urtero eskari handia dauka herritarren aldetik.

Aleak udaletxeko sarreran egongo dira eskuragarri goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00etara, eta bertan banatuko dira aleak agortu arte. Pertsona bakoitzak bi ale hartu ahalko ditu, gehienez. 

Urteak daramatza Udalak egutegiak argitaratzen eta, horien bitartez, euskara Galdakaoko sukalde askotara eramaten. Orain arte askotariko gaiak landu dira (herriko bazterrak, udalerriko ibilbideak, auzoak…). Iaz, udalerriko elkarte batzuen urteurrenak zetozela ikusita, horiekin elkarlanean aritzea erabaki zen. 

Horrela, Andra Mari Dantza Taldeari proposamena egin eta honek gogoz onartu zuen eskaintza. Elkarteak 70 urte beteko ditu 2025ean. Andra Marik ideiak bota, eta, haietatik abiatuta, Olatz Soto Galdakaoko argazkilariak egin ditu argazkiak. 

Egutegian, bi hilean behin argazki bat dago aldi horrekin lotuta. Zehazki, Urteberri eta Santa Ageda, Inauteriak, San Juan Haretxa, Linoa, San Migelak eta Gabonak izan dira aukeratutako gaiak. Argazkian bertan Andra Mariren webgunera bideratzen duen QR kode bat dago. Esteka horretan, argazkiari buruzko idatzi txiki bat eta argazki gehiago daude. 

Guztira 3.500 egutegi egin dira. Lehenik eta behin Galdakaoko ikastetxe, ludoteka eta Topaguneetan banatu dira, eta orain, herritarren artean banatuko dira gainontzekoak, ale guztiak agortu arte.