Nautikaren sektoreko berrikuntzaren enpresak eta protagonistak Getxon bilduko dira datorren asteazken eta ostegunean, abenduaren 11n eta 12an konkretuki, bertan ospatuko baita Sail Inn Pro ekimenaren bosgarren edizioa. Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako topaketa hau BiscayTIKen eta Olatuan (gurutzaontzien terminalean) egingo da.

Sail Inn Pro elkarrizketa, ezagutza eta garapenerako gune bat da industria nautikoarentzat, eta industria-ehunaren eta beste leku batzuetako esperientzia arrakastatsuen arteko topagune izatea du helburu. Nazioarteko eta bertakoak diren profesional eta aditu nagusiak konektatzen ditu, ezagutza partekatuz eta negozio-eredu berriak aztertuz, sektore nautikoaren ikuspegi berritzaile baten bidez. Helburua da negozio-aukera berriak sortzea eta zabaltzea, eta sektorearen etorkizuneko gakoak eztabaidatzea.

Ildo horretan, Amaia Aguirre Getxoko alkateak nabarmendu duenez, “ekitaldi profesional hau Getxok itsas sektoreko enpresak sustatzearen eta Getxo Itsas Hub ekintzailetza-zentroarekin lerratzearen alde egindako apustuaren eta horrelako topaketa profesionalak babestearen barruan kokatzen da. Hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eragileekin eta hainbat udalekin lankidetzan”.

Bartzelonan 37. América Kopa amaitu eta berehala ospatuko den edizio honetan, nautikaren arloko lehen mailako gai batzuk jorratuko dira: hala nola ozeanoak kontinente arteko autobide bihurtzea, 120 km/h-ko abiadura har dezaketen merkataritza-ontziekin; material birziklagarriekin %100 fabrikatutako munduko lehen ontziari buruzko xehetasunak; mekatronikako azken aurrerapenak eta datu-azterketa on batek ontzi profesional baten emaitzan nola esku har dezakeen. Nazioarte mailako adituak izango dituzte aipatutako gai guzti horiek hizpide. Besteak beste, Fabio Bignolini (Northen Lights Composites-eko Co-Founder eta CEO), Elvira LLabres (Data & Performance Analyst eta INEOS Britannia taldeko Ingeniari informatikoa 37th America's Cup-erako), Roger Frigola (Yatch Optimization eta Machine Learning ingeniaria 37th America's Cup-erako Emirates Team New Zealand taldean) edo José Luis Vela (Ingeniaria eta Bravo Systems-eko sortzaileetako bat, Ame-rican Magic taldeko mekatronikaren arduraduna 37th America’s Cup-en) arituko dira.