Sestaoko Udalak 214.000 euroko aurrekontua bideratuko du Markonzaga auzoko Antonio Trueba kaleko 1. zenbakiko arrapala mekanikoa ordezkatzeko. Dagoeneko lizitaziora atera du kontratua, eta enpresek urtarrilaren 3ra arteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko.
Eraikin eta Espazio Publikoen Obra eta Mantentze Lanen zinegotziak azaldu duenez, elementu mekaniko hori zerbitzutik kanpo utzi zuen 2023ko uztailean izandako sute larri batek. "Kalteak hain larriak izan ziren, ezen ohiko mantentze-lanak egiten dituen enpresak ondorioztatu zuen arrapala ezin zela konpondu, eta Udalari beste batekin ordezkatzeko gomendatu zion", gaineratu du Alfonso Tapiak.
Lizitaziora atera den kontratuak honako jarduketa hauek biltzen ditu: kaltetutako instalazioa kentzea, ekipo berria instalatzeko behar den obra zibil guztia, arrapala berria hornitu eta jartzea, arrapala funtzionamenduan uzteko behar diren lan guztiak eta ondorengo mantentze-lanak.
Arrapala horrek 20 metroko luzera du eta % 3ko desnibela gainditzen du. Elementu mekaniko hori, batez ere, Markonzaga auzoaren behealdean bizi diren bizilagunek erabiltzen dute, Antonio Trueba kaleko osasun-zentroa dagoen tokira igotzeko.
Udal-aurrekontuan elementu mekaniko hori ordezteko partida ekonomikorik ez dagoenez, kreditu-aldaketa bat egin behar izan da lanei aurre egiteko adin diruz hornitutako partida sortzeko.
Alfonso Tapiak adierazi du Sestaon "arrapala mekaniko batek su hartzen duen lehen aldia" dela. Hala ere, "pozik" agertu da konponbidea mahai gainean dagoelako eta Antonio Trueba kalean sortutako arazoa datorren urtean konponduko delako.