Iaz bezala, aurten ere Bermeoko Udalak eta Berton merkatari elkarteak elkarlanean, Gabon Azoka Bermeotarra antolatu dute, abenduaren 6tik 8ra bitartean Artza frontoian. Aurtengoa ere, Bermeoko merkatariez osatutako azoka izango da, beraien produktu eta lana ezagutarazteko asmoz. “Gure merkatarien lanari balioa eman gura diogu, eta gure merkataritza indartu. Iaz esan genuen, Gabon aurreko azoka bermeotar hau urtero ospatzeko ohitura ezartzea zela gure asmoa, eta hemen gaude bigarren urtez, Gabon Azoka Bermeotarra aurkezten”, adierazi zuen atzoko aurkezpenean Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak.

Bestalde, Berton merkatari elkarteko ordezkariek azaldu duen bezala, azoka Gabonetara begira dago, eta sektore desberdinetako komertzioak batuko ditu; denetara, 23 komertzio eta zerbitzu egongo dira, “azoka honetan herriko komertzioen produktuak eta zerbitzuak egongo dira aukeran, modu desberdin batean. Hortaz, azokari giro polita eman asmoz, musika, jan-edanak, umeentzako jolasak... egongo dira. Gainera, azokan produktu bereziak egongo dira, eta bertan bakarrik aurkituko ahalko dira”.

Horretaz gain, azokako parte-hartzaileek, euren produktuak edo zerbitzuak aurkeztu ahal izango dituzte, Artza frontoian bertan jarriko den agertokian. “Herritarrak eta merkatariak batzen dituen azoka antolatzea da asmoa, gure herritarren parte hartzea sustatuta. Gabonetako Azokak magiaz eta jai giroz beteko du frontoia eta ingurua, etorri, kuxkuxeatu, erosi eta gozatu”, adierazi zuten.

Gabon Azoka Bermeotarra goiz eta arratsaldez egongo da zabalik barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 15:30era eta 17:30etik 20:30era, eta domekan, goizez bakarrik egongo da. Gastroguneak, berriz, goizetik iluntzerako ordutegia izango du, etenik barik, barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 21:00etara.

Kontuan izan

Ordutegia. Goiz eta arratsaldez egongo da zabalik barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 15:30era eta 17:30etik 20:30era, eta domekan, goizez bakarrik.

Sareetan. Antolatzaileek kontu berria zabaldu dute Instagram sare sozialean: gabon_azoka_bermiotarra. Bertan bideo desberdinen bitartez, asteburuko azokan parte hartuko dutenen informazioa zabalduko da. Bertan aurkitu daitezke azokaren nondik norakoak.