Urtero bezala, Barakaldoko Udalak euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta sustatzeko konpromisoa berretsiko du abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunean. Aurten, gazteei bideratutako 'Ahots Hari, ez dadila haria eten' izeneko doako ikuskizuna eskainiko du Barakaldo Antzokian, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Aurten, berriz ere, Hala Dziporengan jarriko dugu konfiantza, gure nortasuna islatzen duen eta euskaran dugun errotzea indartzen duen kultur programazioa diseinatzeko aukera ematen digun lankidetza ", adierazi du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

'Ahots Hari, ez dadila haria eten' ikuskizunean, ahozko tradizioan oinarrituta, arbasoengandik jasotakoa eraldatu egin da, gaur egun egiten diren joeretara egokituz. Zaharra berri bihurtuz baina gure herriaren sustraiak eta nortasuna sendo mantenduz. Horregatik aurtengo leloa "Ez moztu haria, itzuli herriari herriaren ahotik jasotakoa, gure kultura gal ez dadin."

"Aurten gure hiriko gazteengan jarri nahi izan dugu arreta, haientzat bereziki pentsatutako ikuskizun batekin. Badakigu gazteak funtsezkoak direla euskararen transmisioan eta etorkizunean, eta, horregatik, haiek inspiratu eta motibatuko dituzten kultur proposamenak helarazi nahi dizkiegu. Horretarako, Hala Dzipok ikuskizun bat sortu du, tradizionala dena berri bihurtuz baina sustraiak eta euskal nortasuna sendo mantenduz ", azpimarratu du Focesek.

Sarrerak doan jaso daitezke antzokian gaur eta bihar 18:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 3an bertan 18:00etatik 19:30era. Gehienez lau sarrera jaso daitezke pertsonako.

Udaletxean euskarazko elkarrizketa sortzeko kafea

Baina Euskararen Eguna ez da ekitaldi honetan bakarrik geratzen. Abenduaren 3an bertan, Udaletxean kafe-postu bat jarriko da, eta bertan langileak gonbidatuko dira lanekoak ez diren euskarazko elkarrizketak izan ditzaten, "aukera ezin hobea sortuz hizkuntzaren erabilera normalizatzeko eta praktika sustatzeko", azpimarratu du Focesek.

Barakaldon, gero eta presentzia handiagoa du euskarak Barakaldoko kaleetan. "Lorpen hori elkarteekin batera egindako lanaren eta Udalak egiten dituen ekintzen emaitza da: ikastetxeetako programak, haurrak euskararen eguneroko erabilerara ekartzen dituztenak; doako kultura-eskaintza euskaraz; euskara ikasteko laguntzak bultzatzea, pertsona gehiagok ikas dezaten,matrikulen kostuaren % 100 lagunduz ; edo euskaltegian ikastaroak egokitzea, hainbat sektore eta adinentzat, barakaldar guztiak euskara ikastean sar daitezen sustatuz", gogorarazi du zinegotziak.