Sestaoko Sabina de la Cruz udal liburutegiak martxan jarriko du bizilagunen artean sorkuntza, analisia eta pentsamendua suspertzeko doako jarduerak eskainiko dituen 'Herritarren laborategia' izeneko ekimena. Ostegun honetan, azaroaren 21ean, Carlos García de Andoin Kultura, Memoria Historiko eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak aurkeztu du programa, abenduaren 17ra arte egongo dena martxan.

Garcia de Andoinek prentsaurrekoan azaldu duenez, "askotan pentsatzen dugu liburutegi bat liburuak gordetzeko, liburuak mailegatzeko eta azterketak edo oposizioak dituzten pertsonentzako ikaslekua dela. Hori guztia Sestaoko liburutegiak egiten du, baina liburutegi batek toki bizia ere izan behar du, kultur sustapen eta adierazpenekoa, eta hori lortu nahi dugu proiektu honen bidez".

Zinegotziak gaineratu duenez, herritarren laborategi hau "idazketarekin, sormenarekin, pentsamenduarekin, ezagutzarekin esperimentatzeko leku" bihurtzea da helburua, "artearen eta kulturaren ikuspegitik errealitatearen gaineko begirada berriak sustatuko dituena... eta hori guztia modu parte-hartzailean egitea nahi dugu, ez jendea beste pertsona batzuek kontatzen diotena entzutera etortzea".

"Herritarren laborategia" proiektuaren barruan egingo den ekintzetako bat zine-forumeko ziklo bat izango da. Ziklo horretan sei film proiektatuko dira, ondoren solasaldi dinamizatuak. Ekimen honen bitartez, Liburutegiak analisi kritiko eta elkarrizketa konstruktiboko kultura sustatu nahi du, zazpigarren artea gai garrantzitsuak aztertzeko eta eztabaidatzeko bitarteko gisa erabiliz.

Beste ekimen bat pentsamendu bisualari edo Visual Thinking-ari buruzko tailer bat izango da, parte-hartzaileei tresna bisualak erabiltzen irakasteko diseinatua, hala nola diagramak, mapa mentalak eta sketchnoteak, ideia konplexuak modu bisual eta ulergarrian adierazteko.

Hirugarrenik, sormena eta idatzizko adierazpena sustatzeko tailerrak izango dira, eta horien barruan ahozko narrazio tailerra, komiki-tailerra eta sormenezko idazketa-tailerra egingo dira. Saio horiek parte-hartzaileei idazketa sortzailean trebetasunak garatzeko behar dituzten narrazio-tresnak eta -teknikak emateko diseinatuta egongo dira. Parte-hartzaileek pertsonaiak eraikitzen, trama koherenteak garatzen eta beren istorioak aberastuko dituzten baliabide estilistikoak erabiltzen ikasiko dute. Tailer hauen bitartez, Liburutegiak, bertaratuen gaitasun teknikoak hobetzeaz gain, irudimena eta komunikatzeko gaitasuna ere sustatu nahi ditu.

Programazioarekin jarraituz, lanbideetan oinarritutako memoria-tailer bat ere antolatuko da, hainbat pertsona ezagutzeko aukera emango duena, beren esperientziak eta ezagutzak entzunez. Oraingo honetan zapatari batek eta jostun batek beren bizi-esperientziak partekatuko dituzte publikoarekin.

Beste jardun-ildo bat pentsamendu kritikoa sustatzeko guneak sortzea izango da, ideiak trukatzeko eztabaidak antolatuz. Aurten Francisco Contreras Molinak, "El Niño de Elche" izenaz ezagunagoa denak, parte hartuko du tailer honetan. Musikari espainiar honek ibilbide garrantzitsua egin du flamenkoaren generoan, disko bat grabatu du Los Planetas taldearekin eta beste artista batzuekin kolaboratu du, hala nola C.Tangana, La Húngara edo Rosalíarekin. Gainera, Radio 3 irratiko esataria da eta Reina Sofia Museoan erakutsi izan ditu bere lanak.

"Herritarren laborategiaren" seigarren emanaldi bat errezitaldi poetiko eta musikal bat egitea izango da, pertsonek arte mota desberdinak partekatu eta balioesteko aukera izango duten espazio bat sustatzeko, horrela euren esperientzia kulturala aberastuz. Errezitaldiak irisgarriak eta parte-hartzaileak izateko diseinatuta egongo dira, eta ikus-entzuleak artistekin elkarreragin eta hitz egitera gonbidatuko dituzte.

​Azkenik, "Herritarren laborategia" programaren azken ekintza literatur solasaldiak izango dira, egile unibertsalen literatur ondarea oroitu eta zabaltzeko. Horrela, Liburutegiak egile handien oroimena bizirik mantentzea bilatzen du, belaunaldi berriek beren lanak irakurtzen eta baloratzen jarraituko dutela ziurtatuz.