Igeriketa, gimnasia erritmikoa, aquagym, pilates, hipopresiboak... Larrea kiroldegiak ikastaro ugari jarriko ditu martxan 2025eko urtarriletik martxora bitartean. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udala aurrera darrai herritarren artean kirola egitea sustatzeko erronkarekin.

Aurreinskripzio epea azaroaren 20tik 28ra arte egongo da irekita eta denbora horren ostean, plazen esleipena zozketa bidez egingo da, hain zuzen, abenduaren 2an. Plaza lortu duten parte-hartzaileek abenduaren 16a baino lehen konfirmatu beharko dute eta horren ondoren gelditzen diren plaza libreak abenduaren 19an eta 20an esleituko dira. Hortik aurrera plazaren bat hutsik geldituz gero, abenduaren 23tik aurrera egongo dira eskuragarri.

Helduentzako jarduerak

Helduen kasuan, 2025eko urtarrilaren 2tik martxoaren 28ra bitartean jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera egongo da Larrea Kiroldegian. Goizeko ordutegietan, mantentze-gimnasia eta egokitze fisikoko saioak eskainiko dira astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 9:30etik 11:15era bitartean. Astelehen eta asteazkenetan, halaber, aquagym, eta astearte eta ostegunetan pilates, spinbike eta aquagym.

Arratsalde eta iluntzeetan ere jardueren eskaintza zabala izango da: pilates, hipopresiboak, aquagym eta xunba dira proposamen nagusiak. Gainera, G.A.Z. (Gluteoak, Abdominalak, Zangoak) eta igeriketa ikastaroak ere antolatuko dira, hastapen eta hobekuntza mailetarako egokituta.

Umentzako jarduerak

Umeentzako igeriketa ikastaroa eskainiko da, bai astelehenetik ostiralera eta bai asteburuetan. Adin tarteei egokitutako mailak eskainiko dira, hala nola familiarizazioa (4-6 urte), hastapena (4-8 urte) eta hobekuntza (7-8 urte).

Horrez gain, ikasturte osorako jarduerak ere badira, besteak beste, igeriketa eskola eta gimnasia erritmikoa, azken hau familiarizazio eta jarraipen mailetan banatuta.