Astero bezala, Ermua Antzokiak lau film proiektatuko ditu ostegun honetatik igandera bitartean. Oraingo honetan 'Amal' ekoizpen belgiarra, 'Anora' amerikarra, 'Marco' film komertziala eta 'Dalia y el libro rojo' animaziozko filma ikusi ahal izango dira.

Zineklubak ostegunean emango dio hasiera programazioari drama batekin: ‘Amal’. Jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpitituluekin. Jawad Rhalib zuzendariaren lana da. Filmak 107 minutu irauten du. Amal Bruselako institutu bateko irakasle frantziarrak irakurzaletasuna lantzera, adierazpen askatasuna defendatzera eta tolerantzia sustatzera animatzen ditu bere ikasleak. Hala ere, bere ideiek ikasle eta ikaskide batzuk gogaitzen dituzte. Ostegunean, 20:30etan.

Zine komertzialaren atalean, larunbatean 19:30ean eta astelehenean 20:30etan 94 minutuko iraupena duen ‘Anora’ 138 minutuko film luzea ikusi ahal izango dugu. Sean Bakerrek zuzendutako komedia dramatikoa da. Trama Estatu Batuetan kokatzen da. Anorak, Brooklyngo prostituta gazteak, ametsa bizitzeko aukera izango du oligarka errusiar baten semea ezagutu eta berarekin ezkontzen denean. Senar berriaren gurasoak kontra izango direnez New Yorkera abiatuko dira ezkontza baliorik gabe eta bertan behera uzteko. Urrezko Palma jaso du Canneseko jaialdian.

Asteko bigarren proposamen komertziala Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariaen ‘Marco’ tituluko zinta da, drama bat kontatzen duen thrillerra. Filmak 101 minutu irauten ditu. Enric Marco sindikalista izan zen, Espainiako Amical de Mauthausen elkarteko presidentea izan zena. Elkartearen buru izan zen garaian, Marcok hitzaldi ugari eman zituen nazien eremuetatik bizirik atera izanaren bizipenaren inguruan. Geroago, jakin izan zen, II. Mundu Gerran eta Flossenburgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik irten izanaren kontua gezurra zela. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahal izango dugu.

Azkenik, igande arratsaldeko 5etan eta gazteenentzako saioan, ‘Dalia y el libro rojo’ animazioa ikusi ahal izango dugu. Chris Sandersek zuzendutako marrazkidun ekoizpen argentinarra. Daliak, duela gutxi hil den idazle ospetsu baten alabak, bere liburua amaitzeko ondarea heredatzen du. Horretarako, Dalia liburuaren parte bihurtuko da, eta aurrez aurre jarriko ditu liburuaz arduratu diren pertsonaiak protagonistak izateko.