Astelehen honetan goizean, azaroaren 18an, Ermuko Udalak hurrengo ekitaldirako aurrekontuak aurkeztu ditu. Guztira 25.794.703,91 euro izango ditu bere eskura, plan "anbiziotsua eta konpromisoz betea" garatzeko. Beatriz Gamiz alkateak azaldu duen bezala, "pertsonak ekintza guztien erdigunean jartzeko diseinatua" egongo da plana.

Alkateak dokumentuaren ildo estrategiko nagusiak azpimarratu ditu aurkezpen publiko batean, eta gizarte-ongizatea, jasangarritasuna, enplegua eta berdintasuna lehenesten dira datorren urterako. "Aurrekontu hauek zenbakiak baino askoz gehiago dira; gure bizilagunekiko konpromisoa dira, udalerri inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko egin dugun ahaleginaren isla", adierazi du.

Hainbat ardatz estrategikotan banatuta egongo da 2025erako aurrekontua:

  • Berdintasunarekiko konpromiso irmoa: lehen aldiz, Udal-aurrekontuak genero-ikuspegiarekin egin dira, udal-politikek berdintasun erreala eta eraginkorra sustatuko dutela ziurtatuz. Ekimenen artean, emakumeak ahalduntzeko programak, berdintasunari lotutako hezkuntza-tailerrak eta genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzuak indartzea nabarmentzen dira. Alkateak azpimarratu duenez, "aurrekontu honetan, berdintasuna ez da hitz bat bakarrik, baizik eta zeharkako lehentasuna gure politika guztietan".
  • Gizarte zerbitzuak indartzea: Ermuko Udalak diru-partida garrantzitsu bat bideratuko du gizarte zerbitzuak indartzera, arreta berezia jarriz familia kalteberei, adinekoei eta bazterketa arriskuan daudenei. Ildo horretan, %10 areagotuko dira larrialdi ekonomikoko egoeretan dauden pertsona edo familientzako zuzeneko laguntzak, "pertsona ahulenak zaintzen dituen gizartea indartsuagoa eta elkartuagoa delako", adierazi du Gamizek.
  • Enplegua eta prestakuntza: lan-aukerak lortzea erronka da familia askorentzat, eta, beraz, Udalak enplegu- eta prestakuntza-programetarako partidak mantentzen eta indartzen jarraituko du, arreta berezia jarriz gazteengan eta 45 urtetik gorakoengan. Gainera, trebakuntza tailerrak eta prestakuntza espezifikoak sustatuko dira tokiko ehun ekonomikoa indartzen laguntzeko.
  • Ingurumena zaintzea: aurrekontu hauen zutabeetako bat ingurumena errespetatzea eta zaintzea da, udalerri garbi, osasuntsu eta iraunkor batean bizi ahal izateko. Horretarako, berdeguneak, parkeak eta lorategiak hobetzeko partidak %10 handitu dira, eta argiztapen publikoko sistemak optimizatzeko ekimenak jarriko dira abian.
  • Mugikortasuna eta irisgarritasuna: Udalak baliabideak bideratuko ditu mugikortasun eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko, hala nola oinezko eta bizikletentzako ibilbide berriak sortzea eta espaloiak zabaltzeko eta guztientzako pasabide irisgarriak sortzeko azpiegiturak hobetzea (%56ko igoera). Gainera, arrapalak, igogailuak eta bide publikoak garbitzeko eta mantentzeko funtsak %10 handituko dira.
  • Kultura eta kirola: kulturaren sustapena eta tokiko kolektiboentzako laguntza funtsezkoak dira, eta %7,9 gehiagokoa izango da udalerriko kultura-jardueretarako diru-partida. Kirolari dagokionez, herritar guztiei kalitatezko kirol-espazio eta -programetan sartzea bermatzeko, aurrekontua %7 handitu da.
  • Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea: Udalak komunikazio eta entzute aktiboko kanal berriak irekiko ditu, eta herritarren parte-hartzea sustatzen jarraituko du, administrazio hurbila, irekia eta herritarrekiko konprometitua izateko. Izan ere, konfiantza erakunde sendo eta legitimo baten oinarria da, eta etorkizun hobe baterantz aurrera egiteko, garrantzitsua da pertsona bakoitza komunitatearen parte aktibo eta funtsezko sentitzea.

Aurrekontuaren aurkezpen publikoaz gain, Beatriz Gamiz alkatea udaleko talde politikoetako bozeramaileekin bildu da, gobernu-taldeak garatutako proiektua azaltzeko eta ekarpenak eta proposamenak egitera gonbidatzeko. Datozen asteetan, talde ezberdinek aurkeztu ditzaketen zuzenketak jasoko dira, eta behin betiko proiektua Udalbatzaren Osoko Bilkurara eramango da.