Durangoko Udalak bi aurrerapauso garrantzitsu emango ditu laster kirolaren arloan. Hasteko, Kirolenek udalerrian jarraitzeko konpromisoa berritu du, oraindik zehaztu gabeko kokaleku batean; eta bestetik, Kirol Gune Integratua sortuko du Tabiran. Ostegun honetan goizean, azaroaren 14an, Durangoko Udaleko Kirol zinegotzi eta Durango Kirolakeko presidente Iker Txertudik horren nondik norakoak azaldu ditu.

“Kirolenek Durangon jarraitzea albiste bikaina da gure udalerriarentzat. Kirol eta hezkuntza arloan erreferente izaten jarraitu nahi dugu, eta Kirolene gure herrian egotea funtsezkoa da hori lortzeko”, adierazi du Txertudik. “Ahaleginak egiten ari gara kokapen berriak bere jarduerak garatzeko beharrezko baldintzak izan ditzan, eta ziur gaude horrek mesede egingo diela bai Kiroleneri bai Durangoko kirol komunitateari. Urtea amaitu baino lehen kokapen berria zehaztuta izango dugu; horretan ari gara lanean Eusko Jaurlaritza eta Udala”.

Kirolene birkokatu denez, Udalak aukera hau aprobetxatu du Tabiran kirol-gune zabal bat integratuko duen proiektu bat bultzatzeko. Espazio horrek egungo futbol-zelaiak, igerilekuak, aldagela berriak eta taberna-kafetegia izango ditu, baita zerbitzu osagarriak ere. Lehen etapa honetan, Udaleko talde teknikoa proiektua idazteko lehen dokumentuak lantzen hasiko da. 2025eko lehen hilabeteetan proiektua garatzea eta obraren lizitazioa 2025eko bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da, Tabirako aldagela berriak eta Tabirako Kirol Gune Integratu berria osatuko duten gainerako instalazioak 2026ko udarako martxan egon daitezen.

Era berean, datozen hilabeteetan hobekuntza batzuk egingo dira udalerriko kirol instalazioetan. Horien artean daude futbol 11 eta 7 zelaietan argiak berritzea, ate antipanikoak jartzea segurtasuna hobetzeko eta markagailu berri bat ezartzea. Asmo handiko plan honek instalazio moderno eta seguruak eskaintzeko helburuari erantzuten dio, Durangoko kirol komunitatearen beharrei erantzunez. Udalak azpimarratu du proiektua epe luzerako apustua dela, kirol-sarea indartzeko eta erabiltzaile guztientzako kalitatezko ingurunea sustatzeko.

Txertudik, halaber, Durangoko 2023-2027 Gobernu Planaren barruan proiektu honek duen garrantzia azpimarratu du. Plan horren helburuen artean dago “Durango Kirolen zerbitzua indartzea eta hobetzea, arreta ordutegiak eta jardueren eskaintza zabaltzea, eta herriko kirol instalazio eta zerbitzuen azterketa integrala egitea.” Txertudiren arabera, “urrats berri honek adin guztientzako kirol eskaintza moderno eta irisgarri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digu, eta hori funtsezkoa da durangarren jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko”.