Datorren asteartean, azaroaren 19an, Argia Ereiten Euskara Saria jasoko du Tor magoak Muxikebarrin egingo den galan. Getxon jaiotako magoak euskararen gizarte erabilera babestea, sustatzea edota hedatzeko zereginetan egindako lanagatik jasoko du sari hori.
“Sorpresa erraldoia hartu dut. Saria aspalditik ezagutzen dut, izatez behin baino gehiagotan egon naiz sari emate ekitaldian eta orain notiziak jokoz kanpo harrapatu nau. Nire ikuskizun gehienak euskaraz egiten ditut. Beti ikusi dut magia aukera paregabea dela euskara eskola mundutik ateratzeko, umeek ikusteko posiblea dela euskaraz gozatzea eskolaz kanpoko jardueratan”, azaldu du getxotarrak.
42 urteko bizilagunak bizitza guztia darama magia egiten eta bere %90/95etik gorako ikuskizunak euskaraz izaten dira, hain ohikoa ez den esparruan euskararen erabilera sustatzeko lan handia egiten, bere bizitzan zehar 2.000 aktuazio baino gehiago, ETBrentzako 300 saio pasatxo; enpresa, eskola edo herriko jaietan saioak, magia jardunaldiak, magia poteoak eta abar. Egun ikuskizun berriak muntatzen ere dabil, eraberritze prozesuan murgilduta, beste toki batzuetan egiten dutena ikasten, ondoren berak ikuskizun freskoak eta eguneratuak eskaini ahal izateko. Une honetan Gabonetarako eta datorren urterako saioak lotzen ari da.
Azti jaiotako getxotarra
Mago getxotarra lau urterekin konturatu zen magiarekiko grina zuela barnean, bere aititak hainbat magia jokoak egin ondoren. Handik aurrera beti ekin dio mundu horretan trebatzeari, informazioa, liburuak eta kutxa magikoak bilatzeari. “Ez dago eskola modukorik, lana batez ere bakarkakoa izan da. Informazioa bilatzen, gero eta gehiago sartzen zara mundu horretan eta konturatzen zara inguruan magiarekin zoratu gehiago daudela”, aitortu du.
Ingeniaritza industriala ikasi zuen azti getxotarrak, eta lau urtez enpresa batean ingeniari aeroespaziala lan egin bazuen ere, hori uztea erabaki zuen, magian buru belarri sartzea erabaki zuelako, era profesionalean aritzeko. Berak azaldu duenez, “erabaki horiek zailak izaten dira. Banekien magiaz bizi nahi nuela baina badaezpada Ingeniaritza ikasi nuen. Horregatik errazago izan zen probatzea magiaz bizitzea. Pausua naturalki etorri zen”.
Magia euskaraz
Mago getxotarrarentzat hizkuntza oso garrantzitsua izan da beti, egiten dituen aktuazio gehienak familiarrak (umeak eta gurasoak ikusteko modukoak) eta Euskal Herrian direlako. Berak beti nabaritzen du publikoa magiarekin gozatzeko prest dagoela. Bere hitzetan, magiak komunikatzeko hainbat formatu ditu, eta horregatik erraza da jarraitzea nahiz eta euskara guztiz ez kontrolatu. “Sarritan etorri dira niregana ikusleak ikuskizuna bukatu ondoren zoriontzera, nahiz eta euskararik ez jakin ala gutxi jakin. Primeran pasatu dutela esaten didate, barre egin dutela, nahiz eta euskaraz ez egin”.
Magiak harritzeko eta publikoarekin konektatzeko aukera ematen duela eta horrek beti daukala xarma dio getxotarrak. Horregatik, giro horretan euskarak magiarekin gozatzeko balio duelakoan dago, “euskara hizkuntza delako ideiak, pentsamenduak eta kasu honetan nire magia transmititzeko bidea. Jendeak magia ikusi nahi duen bitartean eta euskaraz bizi nahi duen bitartean, komunikazio hori posible izango da. Duda barik, euskarak ez du beste hizkuntzen aurrean lotsarik izan behar, euskarak ere balio duelako edozein gauzatarako, aurrean daudenak ikusteko, entzuteko, ikasteko edo gozatzeko prest dauden heinean”.