Durangoko Udalak martxan jarriko du adinekoentzako pentsatutako jarduerak biltzen dituen Durango Dinamiko! izeneko programaren edizio berria, hilean behin egiten dena, zahartze aktiboa sustatzeko helburuarekin.
Proposamen hau ‘Durango Adineko Pertsonekin Lagunkoia’ izeneko proiektu parte-hartzailetik sortu da. Esan bezala, proiektu horren helburua zahartze aktiboa sustatzea da, partaidetza komunitarioaren bidez, osasuna sustatuz eta ingurune seguruak sortuz, horrela udalerriko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.
Ekimena landutako diagnostikoan identifikatutako premia bati erantzuten saiatzen da. Diagnostiko horretan, udalerriak adineko pertsonei eskaintzen dizkien parte hartzeko aukerei buruzko informazio falta nabarmendu zen. Egoera horri aurre egiteko, hainbat motatako jarduerak biltzen dituen hileroko kartel bat diseinatu da, adineko pertsonak Durangoko gizarte-bizitzan integratzea eta aktiboki parte hartzea sustatzeko. Besteak beste, hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, antzezlanak, kontzertuak eta jolas tailerrak izango dira.
Hileko programazio hori egiteko, hainbat toki-erakunderen laguntza izan da, besteak beste, Adinekoen udal saila, Bizenta Mogel Biblioteka, San Agustin Kultur Gunea, Zugaza Zinema, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Bizidun elkartea, Izar Gaztea elkartea eta Durangoko Artisten elkartea.
Kartel fisikoa Durangoko hainbat gunetako informazio paneletan banatuko da, baita udal eraikinetan, dendetan, tabernetan eta farmazietan ere, besteak beste. Gainera, programazioa sare sozialen, adinekoen WhatsApp taldeen, prentsaren, irratiaren eta beste kanal digital batzuen bidez zabalduko da. Jada kalean da azarokoa.
Interakzio soziala eta parte-hartze aktiboa funtsezkoak dira adinekoen garapen pertsonalerako eta ongizate emozionalerako, nahi ez den bakardadeari aurrea hartzen eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduz. Ekimen honekin, Udalak udalerriko adinekoak informatuta edukitzeko konpromisoa indartzen du.