Síguenos en redes sociales:

Andoni Ibarrak Euskadiko patinaje artistikoko Kopa irabazi du

Zornotzan jaiotako Andoni Ibarra patinatzaileak Euskadiko Kopa irabazi du hirugarren aldiz asteburu honetan, baina azken hau berezia izan da, bere herrian lortu baitu, Larreako Kiroldegian konkretuki.

Bere hitzetan, urte honetan erakutsitako segurtasun eta irmotasunari esker, bere burua oso ziur ikusi du, eta Euskadiko Kopa irabazteak urte biribil bati amaiera borobila emateko modua izan da.

Urte honetan zehar, Andonik nazioarteko txapelketetan emaitza bikainak lortu ditu. Urrian, Zurichen ospatutako Europako Patinaje Artistikoko Kopan, brontzezko domina eskuratu zuen eta Europako patinaje artistikoan izar bilakatu da. Lorpen hau historikoa izan da, izan ere, modalitate librean Europako Kopan domina bat eskuratzen duen euskal patinatzaile gazteena bihurtu da. Gainera, urriaren bukaeran, Alemaniako Bonn hirian ospatutako Interland Kopan lehen postua lortu zuen, urrezko domina eskuratuz gizonezko kadete kategorian.

Andonik patinajerako interesa 7 urterekin piztu zen, patinetan dantzatzen zuten film bat ikusi ondoren. Inspiratuta, Olentzerori patinak eskatu zizkion eta bere kabuz ikasten hasi zen YouTube bideoen bidez. Urtebete geroago, 8 urterekin, klub batean sartu zen, eta han hasi zen modu erregularrean entrenatzen eta patinaje artistikoan lehen urratsak ematen.

Gaur egun, Andoni Irrisbizi Bilbao patinaje artistikoaren klubeko kidea da, eta bertan entrenamendu errutina zorrotz bati jarraitzen dio: astean lau egunetan bi orduko patinaje artistikoko saioak egiten ditu, eta beste bi egunetan prestakuntza fisiko espezifikoa burutzen du. Entrenamendu horiei esker, bere teknika hobetzeaz gain, erresistentzia indartzen du eta patinaje artistikoan maila altuan lehiatzeko beharrezkoak diren malgutasuna eta kontrol fisikoa garatzen ditu.

Nazioarteko arrakasta horiek Espainiako Patinaje Federazioaren arreta erakarri dute, eta horren ondorioz, Bartzelonan kokatutako Espainiako Goi Mailako Errendimendu Zentroan entrenatzeko gonbidapena jaso du. Hori dela eta, 2025eko urtarriletik martxora bitartean, hilabete bakoitzeko asteburu batez bertan entrenatu eta goi-mailako entrenatzaileekin prestakuntza espezializatua jasotzeko aukera izango du.

Datorren urterako, bere ametsa Munduko Kopan lehiatzea da, eta horretarako beharrezko sailkapenak gainditzeko erronkari aurre egingo dio.