Azken urteetan jasandako bandalismoa dela eta, bilketa-zerbitzua egiten duen enpresa edukiontziak ordezteko stock-ik gabe geratu zen. Horrez gain, zerbitzu horren kontratua iraungita egonda, Udalak uko egin zion ordezko unitate gehiago erosteari. Bada, oraingo honetan, Sestaoko Udalak herriko zortzi "uhartetan" dauden 55 edukiontzi ordeztuko ditu.

Udalak, egoera horri irtenbidea emateko, 55 edukiontzi erosi zituen, berriz ere stocka edukitzeko eta kontserbazio-egoera txarrenean dauden edukiontziak aldatu ahal izateko. Erosketa-kontratua 62.116,56 euroko zenbatekoarekin esleitu zen, eta zenbateko horretatik % 50 Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du dirulaguntza baten bidez.

Paperentzako 15 edukiontzi, ontzientzako 15, errefusarako 15 eta materia organikorako 10 dira erositakoak. Hauek izan dira jartzeko aukeratutako puntuak: Hiru Kontzejuen plaza, Las Llanas zumarkalea 5, Bide Nagusia (Musika Eskolaren eta Kuetoko ikastetxe publikoaren parean), Las Llanas zumarkalea (hilerriaren parean), Vicente Blasco Ibáñez kalea 18, Aizpuru kalea (Orfeon plazaren parea eta Antonio Trueba kalea (osasun-zentroaren parean).

Jarduera honekin hasi da udalerriko edukiontzi guztiak ordezteko prozesua, aurrerago osatuko dena, kaleak garbitzeko eta zaborra biltzeko kontratu berria abian jartzen denean.

Edukiontzi berri horien ezaugarri nagusiei dagokienez, esan behar da guztiak alboko kargakoak direla eta erliebeak dituztela itsuei identifikatzen laguntzeko. Edukiontzi horiak 3.200 litroko edukiera du, eta ontziak uzteko bi aho ditu 1,2 metroko altueran, gurpil-aulkian doazen pertsonek hondakinak errazago uzteko. Materia organikorako edukiontzi marroiak 2.200 litroko edukiera du, eta sarraila elektroniko bat aktibatzen duen txartel baten bidez irekitzen den estalkia.

Paper-edukiontziak 3.200 litroko edukiera du, eta aurrekoek baino aho zabalagoa du papera eta kartoia errazago botatzeko.

Azkenik, errefusaren edukiontziak 3.200 litroko edukiera du, pedala eta maneta ditu irekitzeko, eta estalkiak mekanismo moteltzaile bat du, poliki-poliki jaisteko.